Taldeko zortzi kooperatibek Batzar Orokorrak egin dituzte uztailean. Covid-19aren testuinguruan, “gure barkuak pandemiaren itsasoaren erdian dira”.
Bideoa: Fagor Taldea.
TUlankidek informatu duenez, Covid-19aren ondorioz maiatzeko ohiko datak uztailera pasata, herenegun, uztailak 29, amaitu dira Fagor Taldeko 2020ko Batzar Orokorrak.
Hilabete osoan zehar Fagor Taldea osatzen duten enpresek “beren prozesuak bete dituzte: hitzaldi informatiboekin hasi, segidan Batzar Orokorrak egin, eta, azkenik, hainbat bozketa burututa”.
Fagor Taldeko batzarraz gain, Fagor Ederlan eta Fagor Arrasate kooperatibek ere batzarrak telematikoki egin dituzte, eta “etorkizuneko funtzionamenduari begira ikasgai positiboak atera dituzte, bitarteko digitalek demokrazia kooperatiboan sakontzeko eskaintzen dituzten aukerak balioan jarriz”.
Kooperatiben Legeak markatutako “baldintza minimoen arabera egin dira batzarrak, eta gai garrantzitsuenak heldu den urterako atzeratu dira”.
Batzar Orokorretan, besteak beste, iazko kontuak onartu dira. Oro har, 2019a “ona izan zen” Fagor Taldearentzat:
2018 urtearekin alderatuta, “salmentak % 9,5 igo ziren, 1.586 milioi € arte. Irabaziak, berriz, aurreko urtearekin alderatuta, 63’72 milioi eurokoak izan ziren, igoera nabarmenarekin”.
Enpleguari dagokionez, Fagor Taldeak Euskal Herrian dituen lantegietan 5.322 pertsona aritu ziren lanean. 2019 urteko datu onei esker, beraz, “Fagor Taldeko kooperatibak Covid 19-ak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko baldintza onetan daude”.
Covid-19aren aurrean, Fagor Taldeko kooperatiben “lehentasuna langileen osasuna bermatzea izan zen. Osasun-erakundeek adierazitako protokolo guztiak aplikatu ziren, eta, oso erritmo baxuan izan bazen ere, kooperatiba gehienek jardunarekin jarraitu ahal izan zuten”.
Era berean, Fagor Taldeko kooperatibak administrazio publikoaren eta osasun agintarien “zerbitzura jarri ziren, bakoitzaren ahalmenen eta egoeraren arabera, osasun krisiari aurre egiteko laguntza eskainiz”:
- Mondragon Assemblyk maskarak ekoizteko makinak egin zituen
- Fagor Electrónikak arnasgailuen ekoizpenean parte hartu zuen
- Fagor Healthcarek osasun langileak babesteko EPIak egin zituen
- Fagor Industrialek ere badihardu maskarak ekoizteko zereginean
Eskaerak izandako jaitsiera bortitzari aurre egiteko, murrizketak egin behar izan ditu aurten:
- Egitura gastuak murriztea
- Lan-aurrerakinak jaistea
- Aste santuko oporrak aurreratzea
- Beheranzko egutegi mugikorrak aplikatzea
- Besteen konturako langileei ABEEak ezartzea
- …