Eva Abuin Podemosen primarioetara aurkeztu da alkategai izateko

0
1332

Abian jarri berri den barne-hauteskunde prozesura aurkeztu da, Bat Egin markarekin.

Artxiboko argazkia: Podemos Arrasate.

Eva Abuin Bideburu zinegotzi eta Podemosen Arrasateko udal-bozeramaileak baieztatu du alderdiaren primarioetara aurkeztu dela, alkatetzara aurkezteko. Bat Egin izeneko markarekin aurkeztuko da azaroaren hasieran amaituko den barne-hauteskundeen prozesura.

Arrasatear honek 29 urte ditu, eta hainbat gizarte-mugimendutan militatu eta lagundu du beti, “nahiz eta azken urteotan feminismoari bereziki lotuta” jardun duen.

Politika instituzionalean duen esperientzia 2015-2019 legegintzaldian hasi zen zinegotzi gisa Baleike udal-taldearekin, Podemosekin lotutako hautesle-elkartearekin. Podemos Euskadiko exekutibako kide izan da, Berdintasunerako idazkaritzan kolaboratuz eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako programarako politika feministen blokearen eta bere proposamenen prestaketa koordinatuz.

Hautagaitza aurkeztu berri du “Arrasaten gobernu alternatibo bat eraikitzea posible eta beharrezkoa dela” adieraziz. “Herritarrek aldaketa sakonak eskatzen dituzte egungo EAJ-PSOE gobernu taldeak erantzuteko gai ez diren gobernatzeko moduan”, ziurtatu du Abuinek aurkezpenean.

“Nire taldeak eta nik gure herrian bestelako proiektu politiko bat eraiki dezakegula uste dugu, begirada ezberdina, gaztea eta feminista emanez”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen