Euskarazko aisialdi hezitzailearen balioa krisi garaietan [Testua: Txatxilipurdi]

0
604

Txatxilipurdi elkartetik hausnarketa eta praktika bat(zuk)

Txatxilipurdi Elkarteko kide eta hezitzaileoi ere gainera erori zaigu Koronabirusak eragin edota gehiago azaleratutako krisi hau. Zalantza, beldur eta ezjakintasunean hartu behar izan ditugu erabaki asko. Egunean egunekoa. Ez gara Elkarte txikia eta kide asko gaude herri ezberdinetan aisia hezitzailea oinarri duten egitasmo eta zerbitzuetan lanean. Gure lan moldea aldatu behar izan dugu, eta lan talde bakoitzak ahalik edo modurik egokienean erantzun du. Egia esan, oso harro gaude Txatxilipurdiko kideon jarrera eta konpromisoaz. Garbi ikusi dugu herrigintzaren indarrean eta Elkartetik aldarrikatzen ditugun balio hezitzaileetan oinarrituko dela krisi honetatik modu egoki batean irteteko bidea. Auzolanaren bitartez eta elkar zaintzea erdigunean jarrita egingo dugu bidea guk ere.


Ez ohiko alarma egoera honetan gure lanaren oinarriak mantentzeko apustua egin nahi dugu.
Benetan sinesten dugu gure txikitasunetik, lekuan lekuko elkarlanekin eta irribarrearekin jendartearen eraldaketan gure ekarpena egin dezakegula, baita konfinamenduan ere! Krisialdi honetan hartutako neurriekin beste behin ezkutuan utzi nahi izan diren haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura aldarrikatu nahi ditugu, kontzeptuaren sinpletasunetik, haurrak eta nerabeak gainerakoak bezainbeste pertsona direla onartzetik. Tamalez, garbi ikusi dugu oraindik bide luzea dugula egiteko. Krisi honetan alde batera utzi dugu jendarteko zati bat, eta zentzu honetan, bat egiten dugu Euskal Herrian zein nazioartean, haurren eta nerabeen eskubideak eta beharrak aldarrikatu dituzten eragile ezberdinekin (Oinherri, Plisti Plasta, Heike Freire, Tonucci, …).

Txatxilipurdin, haur eta nerabeekin egiten dugun eguneroko lanean askotan hausnartu dugu sortzen gabiltzan aisialdi ereduaz, ez ohiko egoera honetan ere aitzakia polita sortu zaigu
honetarako. Zein motatako aisialdi eredua garatu dezakegu baldintza hauetan? Sarea da
komunikatzeko erabili dezakegun bide bakarrenetarikoa, baina nola erabili modu egokian? Nola garatu haur eta nerabeen beharrak erdigunean izango dituen eskaintza?

Haurtzaroan jolas libreak duen garrantzia, elkarbizitza testuinguru mugatuetan harreman osasuntsuak eraikitzeko aukera, elkar zaintzen eta egoten ikasteko aukera, … eta beste hamaika gai mahai gaineratu zaizkigu. Azken urteetan landu dugun lan ildoa izan da hezkuntza berdearena, naturarekin lotura berreskuratzeko beharra ekarri dugu gureegitasmoetara. Krisialdi honetan, nola egin dezakegu hau? Pertsona guztiok behar dugu naturarekin harremana, mugimendua, zerua arnastea… baina momentuz ez daukagu horretarako aukerarik.

Hausnarketa, kontraesan eta eztabaida horietatik edanez, Txatxilipurdin, etxetik bada ere lanean jarraitzen dugu eta kudeatzen ditugun zerbitzuetan, euskarazko aisialdi hezitzailea ardatz harturik, haur, nerabe eta familiekin harremanetan gaude.

Haur sailetako zerbitzuetan erabiltzaileei egindako online eskaintza martxan da. Herri bakoitzeko zerbitzuak eta bertako haur eta familiak kontuan harturik, aisialdirako baliabide
ezberdinak eskaintzen ari gara, beti ere euskarazko eredu hezitzailea bermatuz. Bideo bidez proposatutako erronkak, jolaserako proposamenak eta kirol jarduerak batik bat. Eskaintza honen asmoa, haur eta familia erabiltzaileekin harremanak mantentzea da. Hala ere, online eskaintza honetan, haurrak pantailetatik at ateratzeko eta familian euskaraz burutzeko ekintza ezberdinak egitea proposatzen dugu, bizi dugun ezohiko egoera hau alde batera utzi eta momentu gozo eta bereziak etxekoekin pasatzeko asmoz. Dena den, eskaintzaz beteriko itxialdi honetan, programatu gabeko jolas libreaz gozatzeko tarteakneskaintzeari ere behar duen garrantzia eman nahi diogu.

Gure Gaztetxoko eta Gaztelekuetan ere, online zerbitzua eskaintzen ari gara. Sare sozialak
kanal bezala erabilita eta euskarazko adierazpenari bide emanez, jolas, erronka eta baliabide ezberdinak eskaintzen ari gara. TuperSex birtuala, drogen inguruan nerabeek duten ikuspegia jasotzeko TESTING izeneko galdera-jolas bat, sukaldaritzarako errezetak, musika eta bideoez elikatutako erronkak adibidez. Bestalde, fanzine digital bat ere sortu dugu GTZULO izenekoa. Hau lehenengo alea izango da. Nerabeen kolaborazioarekin sortua izan da eta nerabezaroan presente dauden gaien inguruan dabil (gizartea, artea, musika, bideojokoak, sexualitatea, bidaiak, denborapasak …). Hala ere, zuzeneko harremanaz ezin gaitezke ahaztu eta inoiz baino gehiago gure ingurukoen berotasuna ongi etorria den garai honetan, hezitzaile eta gazteen artean bideo-dei eta mezuez baliatzen gara.

Ez dugu aipatu gabe utzi nahi, zerbitzu fisikoetatik at bertako hezitzaileek egiten duten lana. Online zerbitzu bat eskaintzeaz aparte, barne lan asko dago egiteko. Zerbitzuak hobetu eta elikatzeko balio dituzten hausnarketa, tailerren prestaketa, jolasen antolaketa eta materiala sortzea batik bat. Arrasaten adibidez, ludotekako lantaldea tratu honen tailerra, sexualitatea haurrekin lantzeko tailerra edota elikadura osasuntsuaren inguruko tailerra prestatzen dabil. Eta gaztetxokotako lantaldea ostera, drogak eta nerabeak, sexualitatea nerabezaroan eta gaztetxokoetako bizikidetza arauen inguruan hausnartzen dabil.

Guztion artean egoera honetan elkar lagundu, zaindu eta babesteko unea dugu oraingoa.
Konfinamendua pasatzeko, zein ondoren etorriko denari aurre egiteko, inoiz baino beharrezkoagoa dugu bestelako balio batzuetan oinarritutako jendarte bat eraikitzeko ahalegina egitea. Txatxilipurdin horretan sinisten dugu eta horretarako jarraituko dugu lanean, haur eta nerabeak subjektu aktibo gisa erdigunean kokatuko dituen jendarte zoriontsuago, kritikoago, zaintzaileago, euskaldunago, hezitzaileago, parte hartzaileago, sortzaileago, feministago, inklusiboago eta horizontalago bat lortzeko!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen