“Euskararen normalizazioaren aldeko kontsentsu zabala urratu dute”

0
627

Elkarretaratzea egin berri da Herriko plazan, Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloaren eragileek deituta.

Beheko testua: Protokoloko eragileak.

Hizkuntza-eskubideen aldeko Arrasateko protokoloaren kide guztiok kezka larriz hartu dugu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko Udalen Legearen gainean emandako epaia. Epai horrek ezetatu egiten du udalek euskara hutsez lanean aritzeko aukera zabaltzen zuen araua, eta hortaz, erabilera erreala eta normalizatua errazten zuen aurrerapauso ederra zapuztu dute.

Kezka hau ez da berria, azken boladan euskararen normalizazio eta biziberritzea helburu duten neurrien kontrako epaiak bata bestearen atzetik heltzen ari direlako. Azken sententzia horrek are argiago utzi du oldarraldi judizial trinko eta bortitza ari dela gertatzen euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza-politiken kontra.

Udal Legearen kontrako ebazpenaren bidez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lege bat ezeztatu du; hau da, botere judizialak legeliaren gainetik jarri da eta hizkuntza-politika egitea erabaki du herritarren borondatearen aurka. Bestetik, arau hori bertan behera uzteak eta horretarako eman diren arrazoiek hamarkadetako atzerapausoa izan daitezke hizkuntza-politikan. Azken batean, ebazpen honek euskararen normalizazioa helburu daukaten hizkuntza-politikak egiteko aukera ukatzen die udalei; hau da, egoera gutxiagotu eta zaurgarrian den hizkuntza eta hiztun komunitatea indartzeko neurriak hartzea zailtzen die.

Baina ez da hori bakarrik, horrekin batera, gazteleraren nagusitasun osoa ezartzen da eta euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jarri du Auzitegi Konstituzionalak; ofizialtasunaren interpretazio murritzagoa eginez eta euskara hutsean aritzea susmopean jarri eta galarazita. Horrez gain, euskaraz bizi diren milaka herritarren oinarrizko eskubideetako bat urratzen du: euskaraz lan egitea.

Ez dugu ahaztu behar Udalen Lgea kontsentsu zabalez onartu zuela Eusko Legebiltzarrak, eta, horrenbestez, Konstituzionalaren erabakiak erakundearen erabakimena higatzeaz gain kontsentsu sozial handi horibera urratzen duela. Hau da, erakundeen zein herritarron erabakimena. Ez dugu ahaztu behar hizkuntzen gaia justizia soziala aintzat hartuta gestionatzea ezinbestekoa dela elkarbizitza sendotzeko eta demokrazian sakontzeko. Hortaz, Konstituzionalaren epaiak arlo horiek guztiak kaltetzen dituela ari dugu.

Horren guztiaren ondorioz, eusakraz funtzionatzeko bidean urrats sendoak egin dituzten UEMAko udalerrietako udalak dira, oraingoz, kaltetu nagusiak. Hori dela eta, babes osoa adierazi nahi diegu Usurbilen agerraldia egin zuten udal horietako alkate eta ordezkariei, eta nola ez herritar guztiei. Ezin da ahaztu, udal eta udalerri horiek trakzio indar ezinbestekoa direla euskararen normalizazio bidean.

Era berean, honek guztiak duen larritasuna kontuan izanik, eskerrak eman nahi dizkiegu plazara protesta egitera etorri zareten guztioi; elkaribitza justu eta demokratiko batekin ados gauden eragile eta pertsona guztiok erantzun irmo eta bateratua ematera etorri baikara plaza honetara.

Azkenik, gogoratu nahi genuke azaroaren 4rako manifestazio nazionala deitua duela Euskalgintzaren Kontseiluak eta olatu erreakzionario eta euskarafoboaren aurka Bilboko kaleak betetzeko eta indar erakustaldia egiteko beharra ikusten dugula.

Hizkuntza eskubideak euskaldunontzat, erasorik ez!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen