Kartela eta beheko testua: Arrasate Euskaldun Dezagun.
Dagoeneko badakigu 4. Euskaraldia 2025eko udaberrian egingo dugula, zehazki, maiatzaren 15etik 25era.
Aurreko edizioek erakutsi dutenez, Euskaraldia ariketa egokia da hizkuntza portaeretan eragiteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko. Hartara, laugarren edizioak ere helburu berori izango du: euskara ulertu eta hitz egiten dugunon artean euskarari geroz eta leku handiagoa egitea gure arteko harremanetan.
Helburua hori izanik, praktika ez zaigu hain erraza egiten. Ohitura zaharren inertziek, lotsak, aurreiritziek, beldurrak… galarazi egiten digute euskaraz nahi beste egitea edota euskarari nahi bezain gogor eustea.
Hori guztia zergatik gertatzen zaigu jakiteko eta, batez ere, zailtasun horiek gainditzen hasteko Euskaldunon Ahalduntze eskola diseinatu dugu Euskaltzaleen Topagunearekin batera. Arrasaten ez ezik Durangon eta Gasteizen ere abiaraziko da 2024arekin batera.
Bi hilabetez, sei saiotan zehar, euskarari eutsi ahal izateko ahaldundu, prestatu eta esperientziak partekatzeko espazio bat sortuko dugu.
Euskararen erabileran jauzi kualitatibo bat eman gura duten herritarrei dago eskainia Ahalduntze eskola. Euskara sozialki gehiago erabiltzeko gogoa dutenei, ahalegin horri etekin gehiago atera nahi diotenei, euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko apustu pertsonala eginda helburu horretan egoera kontrolatu, hobeto sentitu eta estresik gabe aritzeko baliabideak eskuratu nahi dutenentzat.
Saioak asteazkenetan izango dira, data hauetan, zehazki:
- Urtarrilak 24 eta 31
- Otsailak 14 eta 28
- Martxoak 13 eta 20
Denak ere AEDn eta 18:00etatik 19:30era bitartean.
Informazio gehiago nahi izanez gero, edota izena-emateko, AEDra jo, telefonoz 943771228 zenbakira deituz edo aed@aedelkartea.eus idatziz. Saioak doan izango dira, baina saioetara etortzeko konpromisoa eskatuko dugu taldearen dinamika bermatzeko.




