Etxeko barne-langile migratuek kinka larria azaleratu dute

0
1512

Emakume Txokoak antolaturik, atzo ‘Malen Etxea. Zaintzaren esklabo’ dokumentala pantailaratu zen eta solasaldia egin zen.

Film dokumental labur honen bitartez “Euskal Herrian zaintza lanetan dabiltzan emakume etorkinen egoera krudela azaleratzen da”.

Izan ere, lau emakume etorkinek zaintza lanetan jasandako zapalkuntzak salatzen ditu. Besteak beste, Silvia Carrizok parte hartu zuen atzoko aurkezpenean, Malen Etxea elkartearen sortzailea.

Dokumentalaren ostean solasaldi bat egin zen, eta gogora ekarri zen “2009 urtera arte Gobernu espainiarrak ez zuela lan hau ofizialki aitortu”.

Salatzekoa da oraindik “guri, etxeko langile gisa edo/eta zaintzaile gisa, ez digutela paroa jasotzeko eskubidea aitortzen”.

Espainiar estatuko Atzerritartasun Legeak eragin handia du emakume hauengan, lege “arrazista, klasista, sexista,… delako. Islatu egiten du gizarteak oro har migratzaileez duen ikuspegia”.

Horrela, legeak “migratuok soilik langile bezala hartzen gaitu, ez dio axola migratuok familia dugun, seme-alabak ditugun,…”.

Sektore honetan oso garrantzitsua da lan-kontratua izatea. “Horretarako, aurrez 3 urteko erroldatuta egotea beharrezkoa da, baita familiak kontratua egiteko diru nahikoa eta borondatea izatea ere”.

Kasu askotan kontratua lortzeko “bidea luze eta oso gogorra da langilearentzat, eta gainera maiz familiak azkenean ez dio kontraturik egiten”.

Ziurtagiria ere oso garrantzitsua da, baina ziurtagia lortzeko ikastaroetan “Lanbidek soilik 10-15 ikaslerendako plazak eskaintzen ditu. Ondorioz, pertsona pilo batek ezin du ikastaroa egin”.

Covid-arekin egoera are okertu da: “Konfinamenduaren ondorioz emakume migratu askok ezin izan zituzten hainbat lanordu egin, eta orain askori agindu diete lanordu horiek egitea. Onartezina da”.

Alternatiba gisa, “langileek euren kooperatiba izatea garrantzitsua da, izan ere, harremana enpresa-kooperatibaren eta erabiltzailearen artekoa da. Eta ez bi pertsonen artekoa”.

Ekimen hau saiatzen ari da Eusko Legebiltzarreko Lan Batzordean parte hartu ahal izateko. Halere, Eusko Jaurlaritzarentzat “gu hutsaren hurrengoa gara, besteak beste, hemen bozkatzeko eskubiderik ez dugulako”.

Arrasateko adibide bat Yanina Choque da. Jatorriz Perukoa da, eta Arrasaten hainbat hilabete daramatza bizitzen eta lanean.

Hori guztiori kontuan hartuz, ekimen honek dei egiten die sektoreko emakume migratuei “antola daitezen, erakunde batekin bat-egin dezaten, mobilizazioetan parte har dezaten,… Ez dugu horretarako joerarik, baina borroka hau beharrezkoa da”.

Bestela, “norberak bere kabuz ez du ezer lortuko, eta borroka egiteko borondatea eta borrokari eustea beharrezkoak dira”. Dena den, “arazo hau ez da soilik emakumezko langile migratuena, gizarte osoarena ere bada”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen