Espainiar dni eta pasaportea Arrasaten tramitatuko dira 18an

0
3277

Udalak iragarri duenez, zerbitzua eskainiko du espainiar Estatuko “Gobernuaren Ordezkariordetzak martxan jarritako administrazio-izapiderako unitate mugikorrak”.

Udalaren hitzetan “aldarrikapen historikoa da Nortasun Agiria edota pasaportea Arrasaten tramitatzearen eskaera”.

Hori gauzatu egingo da “azaroaren 18an, Estatuko Gobernuaren Ordezkariordetzak martxan jarritako administrazio-izapiderako unitate mugikorrarekin”. Zerbitzu hori “9:30etik 13:00etara izango da erabilgarri Arizmendiarrieta plazan”.

Hitzordua hartzeko “BAZeko bulegoetan edota online esteka honetan azaroaren 15era arte, hau izango da azken eguna izena emateko”.

Joango denak “hainbat dokumentu eraman beharko ditu”, hiriburuetako espainiar poliziako komisaldegietan bezala. Dokumentu honetan laburbildu dira oinarri eta baldintza guztiak.

Estatuko Gobernu Ordezkariordetzak jakinarazi duenez, eta Udalak adierazi duenez, “bereziki garrantzitsua da tramitearen kostua eskudirutan eramatea, izan ere, unitate mugikorrek ez dute txartel bidez ordaintzeko sistemarik”.

Udalak esan duenez “eskaera handia dagoela konfirmatzen bada, hitzordu berriak ezartzeko konpromisoa agertu dute” udaletxeak berak eta ordezkaritzaordeak.

“Herritarrari hiriburuetara desplazamenduak egitea ekidin nahi dugu modu honetan, herrian tramite administratibo hauek eginez” adierazi du Morras alkateak

Udalak adierazi du erantzuten diola “aldarrikapen historiko” bati: “Horrela berretsi zigun Arrasateko Nagusien Kontseiluak, besteak beste”.

Tramiteak “Arrasaten egiteak, pertsona nagusiei zein herritar orori, desplazamenduak ekidin eta bizitza errazteko neurria baita”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen