‘Eskola Plazara’n zuzeneko musika, matrikulazioa, trikigin,… izan dira

0
1511

Arrasateko Trikitixa Eskolak bere jarduera Herriko plazan erakutsi du, panderoari zein trikiari eragiten. Txatxilipurdik haurrendako jolasak plazaratu ditu, eta Trikigin lehiaketa Kajoik irabazi du. Momentuz 180 pertsona matrikulatu dira eskola honetan.

2024/2025eko matrikulazioa zabalik da, eta gaur arratsaldean ‘Eskola Plazara’ ospatu da, Merkemerkauaren testuinguruan.

Adin ezberdinetako lagunek doinu ezagunak kalerik kale zabaldu dituzte, eta hala plazaratu dira.

Enparantzan zuzeneko musikaldiak eskaini dizkiete herritarrei, trikiari zein panderoari eragiten, giro onean.

Gainera, Txatxilipurdi elkarteko lagunek zenbait jolas prestatu dituzte haurrendako, eta elkarrekin aritu dira.

Aurten Trikigin txapelketako 8. edizioa jokatu da, eta hiru tabernek zein jatetxe batek parte hartu dute.

Itzala (Jone), Buenuena (Agustin), Ondare jatetxea eta Kajoi (Alex), eta epaimahaiari dagokionez, lau pertsonak osatu dute.

Maider Larrañaga (Arteaga jatetxea), Carlos González de San Román (Hirekin zentroko taberna), Kepa Urteaga (Arrasateko Udala) eta Bego Barreiro (Arrasateko Trikitixa Eskola).

Epaimahaiak batez ere ondoko irizpideak kontuan hartu ditu: “garbitasuna, prestaketa, itxura, originaltasuna, zaporea eta kolorea”.

Eskola Plazara jaiaren baitan ere gaur arratsaldean Portaloian kontzertua eman dute Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hekthor Folkek.

‘Eskola Plazara’ eskolak antolatu du, eta Ibai-Arteren zein Arrasateko Udalaren laguntza izan du.

Dagoeneko 180 pertsonak izena eman du 2024/2025 eskola honetan ikasteko, eta plazan horretarako aukera izan da.

Matrikulazioak zabalik jarraitzen du ondorengo emailean: arrasatetrikitixaeskola@gmail.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen