Erromintxelak: “Jendearen aurrean gure musika jotzeko irrikan gaude”

0
791

Taldeak kontzertua eskainiko du ostiralean arratsaldeko 19.00etan Euskal Herria Plazan

Erromintxelak taldea izan da aurtengo Arrasate Blues jaialdiaren sorpresa handienetako bat. Egia da taldeak ez duela zuzeneko esperientziarik, baina taldekideak eskarmentu handiko musikariak dira, eta urte asko daramatzate hainbat estilotako taldeetan jotzen. Taldekideek aitortu dutenez, eszenatokira salto egiteko irrikitan daude, herritarrei euren musika erakusteko: “Nahiz eta esperientzia handia dugun kontzertuak eskaintzen, lehenengo aldiak beti erronka izaten dira, eta egun hauetan kezkatzen ari gara kontzertua baino lehen dena txukun egon dadin. Arrasate Blues bezalako ekimenak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu eta eskerrak eman nahi dizkiogu antolakuntzari guri deitzeagatik”.

Taldekide guztiek musika ikasketak dituzte eta Euskal Herriko musika eskoletan zein kontserbatorioetan irakasle aritzen dira. Zigor Martinez klarinete jotzailea Big Band Arrasate musikaleko zuzendaria da gaur egun, Iñigo Zubizarreta gitarra musikari eskarmentu handikoa da, Aitor Moreno kontrabaxu-jotzailea eta Jon Garcia gitarra-jotzaile eta abeslariak, bluesa inprobisatzen eman dituzte azken urteak: “Taldearen ezaugarrietako bat da ez dugula bateria-jotzailerik, eta erritmo guztia gitarrek babesten dutela. Etorkizunean perkusio-jotzaileren bat sartzea planteatu dugu, baina oraingoz horixe da ostiralean aurkeztuko dugun proposamena, eta guztion gustukoa izatea espero dugu”.

Hau izango da taldearen zuzeneko lehen aurkezpenetako bat, nahiz eta taldekide guztiek esperientzi handia izan: “Beste talde batzuetan parte hartu genuen arren, ohiko proposamenetatik aldenduko den estilo honetako proiektu bat oholtzara eramateko gogoa genuen. Horregatik, Arrasate Blues bezalako jaialdi garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, beste musika-proposamen batzuetarako lekua ematen dutenak. Gure jazza ijitoek XX. mendearen lehen erdian jendeari eskaintzen zioten musikan zentratuta dago, eta uste dugu oso estilo eskuragarria dela jendearentzat eta oso dibertigarria entzuteko, nahiz eta abestiak bereziki ezagunak ez izan”.

Jon Garciak berak dioenez, Arrasate asko aldatu da, eta orain herria inoiz baino prestatuago dago horrelako ekimenetarako: “Duela 20 urte inguru Bostonera jazza ikastera joan nintzen, eta hona itzultzen nintzenean jendeak ia ez zekien zer zen. Orain errazagoa da horrelako musika eskuratzea eta gero eta ekimen anitzagoak antolatzen dira. Une aproposa da horrelako jaialdi bat antolatzeko”.

Erromintxelak taldeko kideek azaldu dutenez, bere errepertorio osoa bertsioetan oinarrituta dago: “Oraingoz ez dugu pentsatu abesti propioak egitea. Agian etorkizunean egingo ditugu, baina oraingoz, nahikoa dugu abesti horiek entzutera hurbildu nahi duten herritar guztiei ezagutaraztea. Gaur egun ez da oso musika ezaguna, baina abesti instrumental asko daude eta errepertorio gehiena oso dibertigarria eta dantzagarria da. Espero dugu jendeak gozatzea ekartzen diegun proiektu honekin”.

Asteburu musikala

Arrasate Blues hazi egin da eta aurtengo edizioak lau egun iraungo ditu. Musika Arrasateko txoko guztietara iritsi dadin, jaialdiak zazpi agertoki izango ditu, guztiak kalekoak. Horrela, estreinaldiaren egunean, uztailaren 15ean, Itzar Yagüe boskoteak jaialdiari hasiera emango dio. Yagüek ‘Delicious’ bere azken lana aurkeztuko du Herriko Plazako agertokian (19:00). Kontzertu hau berezia izango da Itziarrentzat.

Voodoo Charmsek ostiralean 20.30-etan Otaloran eskainiko duen kontzertuaren ostean, larunbatean 12.00etan Portaloin Animal Jane-ren txanda izango da. Ondoren, Iker Piris eta Sheilah Cuffy arituko dira, 13.00etan, Jokin Zaitegi Plazan.

Arratsaldean, berriz, Noa & The Hell Drinkers taldearen txanda izango da 19.00etan Ferrerias kalean. ’Craft Blues’, aurkeztuko dute. Hondarribia Blues, Benicassim Blues edo Burlada Blues bezalako jaialdietan arrakasta izatetik dator taldea.

Ondoren, Mississippi Queen & The Wet Dogs izango dira 20.30ean, Herriko Plazan. Igandean Estitxu 12.00etan izango da Portaloin, Mario Fernandino 13.00etan Arbolapetan eta Willy Los Brazos taldeko kidea 19. 00etan agertoki berean.

Jaialdiaren azken eguna 8,46 Dixie bandek girotuko dute eta Arrasateko herritar guztiei euren musika eskainiko diete egun berezi honetan zehar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen