Erraustegirik ez, ez hemen ez inon [Testua: Debagoienako Alternatiba]

0
265

Argi zegoen Zaldibarko zabortegiaren gertaera latzaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak “irtenbide” bat eman behar ziela hondakin industrialei. Baina enpresei euren hondakin industrialak murrizten behartu beharrean, berriro ere EAJk eta Eusko Jaurlaritzak euren sintonia eskasa azaldu dute hondakin guztien Murrizketa, Berrerabilpen eta Birziklapen ideiekin, industrialak edo urbanoak izan. Horren adibide, Green enpresari esleitzen diote Bergarako Larramendi Industria Gunean ezarriko litzatekeen erraustegiaren proiektua.

Bergarako HAPO bera betetzen ez duen egitasmoari 3 milioi euro bideratuko dizkio Eusko Jaurlaritzak. Enpresak udalean aurkezten duen eskaera industria lizentzia da, hondakinen tratamendua, berez, ez denean aktibitate industrial. Horrek guztiak, ordea, bost axola zaio Eusko Jaurlaritzari, bere arazoa baita zein irtenbide eman 155.060 tona hondakin industrialei; baserri baten ondoan, auzo batetik gertu eta Bergarako hiribarnetik kilometro batera erreko badira ere.

Horrek ekarriko lukeen kutsadura ez da gutxiesteko modukoa; izan ere, urtero milaka tona ke eta ur kutsatuak jaurtiko baititu; eta horrekin batera era guztietako toxina, metal astun, esaterako, furanoak, dioxinak, merkurioa, beruna, sufre dioxidoa eta abar.

Eta hau gutxi balitz, “Tapia” legea asmatzen dute udalerriek euren lurren gaineko erabakitze ahalmena lapurtzeko, herritarren nahiek, erabakien eta beharren gainetik enpresa kutsakor eta kaltegarrien interesak hobesteko.

Debagoienako Alternatibak horrelako egitasmo suntsitzaileak eta herritarren osasuna zein ingurumenaren kalterako diren proiektuak borrokatuko ditu. Era guztietako hondakinen murrizketa da bidea, eta ingurumenari zein pertsonen kalterako ez diren hondakinen tratamenduak bultzatu behar dira.

Igandean Bergaran egingo den manifestazioak horrelako proiektu suntsitzaileak gerarazteko beste urrats bat izan behar du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen