Eroso.eus webgunean janaria enkargatzeko aukera ireki da

0
2470

Web honi esker posible da herriko zenbait jatetxek prestaturiko bazkari eta afariak etxean jasotzea. Ekimenaren sustatzaileekin hitz egin dugu egitasmoa hobeto ezagutzeko.

Covid-19aren etorrerarekin eta haren hedapena saihesteko hartu diren neurriekin, ostalaritzako sektoreko lagun askok kezka agertu dute azken asteetan, edukiera mugatzera edo egoera normaltasunera iritsi arte ezin irekitzera behartzen dituzten neurriengatik. Testuinguru horretan azaldu dira Jokin, Leire eta Alex.

Hirurak arrasatearrak dira eta hirurak lanean hasi dira azken asteetan Internet bidez afariak eta bazkariak erosteko sistema bat jartzeko. Egitasmoaren prestaketa lana amaitu da eta webgunean jada enkarguak egin daitezke. ‘Eroso’ du izena eta esteka honen bidez sar daiteke bertara.

Orain arte, eta datozen asteetan eskaintza zabalagoa izatea espero duten arren, bezeroak izozkitegiko, Hamalauko eta 1990eko janaria eskatzeko aukera dute, baita edariak eskatzeko aukera ere.

Nahiz eta egungo egoerak bultzatu dituen egitasmoa gauzatzera, egitasmoaren sustatzaileek azaldu dute aspalditik zutela ideia gogoan: “Jendea gero eta ohituago dago janaria eramatera edo etxera ekartzera. Egoera zaila zen bertako ostalarientzat Covid-19aren aurretik, baina orain askoz ere zailagoa izango da. Teknologia berriek eta negozioa irekitzeko aukera berriek ematen digutena aprobetxatu behar dugu. Just Eat edo Glovo bezalako enpresak dagoeneko martxan daude hirietan eta pixkanaka herrietara hedatzen ari dira. Guk aurrea hartu dugu eta herriaren zerbitzu bat eskaini nahi dugu herriarentzat, herritarrek gehien ezagutzen dituzten lokal batzuen eskaintzekin. Horrela, herriko lana bultzatzen dugu eta Mondrako platerak etxean gozatzeko aukera zabaltzen dugu”.

Alex eta Leire Suitzan bizi dira eta Jokin Arrasaten. Hala ere, hirurek diote, bakoitzaren talentua bilduta, proiektua aurrera ateratzeko bidea aurkitzen jakin dutela. Alex eta Leire ingeniariak dira, eta haiek arduratu dira mekanika guztiaz eta proiektuaren sistema tekniko guztiak urrutitik martxan jartzeaz. Azaltzen dutenez, segurtasun protokolo guztiak betetzen ari dira zorrotz: “segurtasun protokoloak serio hartzen ditugu eta neurri guztiak jarraitzen gabiltz. Gure banatzaileek maskara, eskularru eta desinfektatzaileak beti daramazkite, eta ahal den guztietan entrega igogailuan egiten da”.

Jokinek, bere aldetik, bertako ostalaritzan izandako esperientzia gehitu du edukia eman ahal izateko: “Janaria eskatzeko sistema denok ezagutzen dugu. Erosketa webgunearen bidez egiten da, eskatzen dizkiguten datuak sartuz, janaria eta edaria aukeratuz, eta gure banatzaileak arduratzen dira etxera eramateaz. Prozesu erraza da, edonork egin dezakeena eta tokiko saltokientzat lagungarria da krisia baino lehenagoko antzeko erritmoan lanean jarrai dezaten”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen