Ernaik herri-harrotasuna eskatu du Korrikan, “Gazteen eskutik euskararen herrira!”

0
366

Beheko testua eta kartela: Ernai Debagoiena

Bi urte igaro dira pandemiaren osteko agertokian Korrikaren hogeita bigarren edizioak Euskal Herri osoa kaleetara euskararen alde atera zuenetik. Bi urte, herri honen gaitasuna eta potentzial osoa Korrikaren baitan askatu genuenetik. Orain, gaur hasiko den Korrikaren edizio berriak hori jarri nahi izan du erdigunean, herri harrotasuna hain zuzen ere.

Herri honetaz, Euskal Herrian metatzen ari garen indarraz harro egoteko arrazoiak soberan baitugu. Izan ere, Korrika oso une garrantzitsu batean kokatzen da. Udazken mobilizatzaile eta emankor baten ostean eta Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari den unean. Horregatik, argi ikus daiteke herri hau martxan dagoela, herri honetan badagoela gehiengo bat zeinak maila globalean zein Euskal Herrian bizi dugun krisi egoera gainditu nahi duen eta, batez ere, hori gainditzera bidean, posizio askatzaileetan lerratzen den.

Inoiz baino premia handiagoa du errepideak hartzea eta euskara kaleetara eramatea. Izan ere, horrek balore bikoitza du. Alde batetik, eraldaketa sozialaren zein burujabetzaren alde zabaltzen ari den borroka zikloak Korrika bezalako ekimenak ere behar dituelako. Alegia, Euskal Herriaren irudikapena eta euskal herritarron harrotasuna, herri gisako egitasmoetan itzuli behar dugu.

Bestetik, euskararen aurka ematen ari den oldarraldiaren baitan, euskararen aldeko borrokatik ofentsiban kokatu behar gara. Euskara marjinala bilakatu nahi duen estrategia horri euskaraz eta euskara are gehiago zabaltzen erantzun behar diogu. Era berean, eraso horien guztien aurrean euskaldunon eskubide linguistikoak bermatuak izan daitezen egitura berriak behar ditugu, euskaraz bizitzeko erabateko askatasuna izateko gure herriaren gaineko erabakimen osoa eskuratu beharra dugu. Euskarak Euskal Errepublika ezinbestekoa du.

Beraz, Arrasateko gazteak Korrikan parte hartzera deitzen ditugu. Bide horretan Martxoaren 22an, ostirala, egitarau zabala antolatu da herrian. Gure alea jarriz, Arrasateko gaztetxea gazteon elkargune bilakatu nahi dugu Korrika herritik pasa aurretik, zein ostean. DJ Liatu Garetek girotuko du gaua eta gaztetxea korrika pasatzen den orduan itxi egingo da.

Gazteon eskutik etorriko dira aldaketak. Gazteon eskutik loratuko dugu udaberria. Gazteon eskutik harro herria!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen