Epeleko zabortegia baldintza batzuekin berrirekitzea onartu du Mankomunitateak

0
586
zaborrak

Zaldibarko zabortegiaren itxieraren ostean, eta Jaurlaritzaren iragarpenaren ondoren (hondakinentzako ahalmena bikoiztu beharra 2030erako EAEn), Debagoieneko Mankomunitateak onartu dio Jaurlaritzari Epele berrireki ahal izatea, 3 baldintzekin: ingurumen legeak betetzea, EAEtik kanpoko hondakinik ez jasotzea eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea.

Berria egunkariak informatu duenez, Bergara eta Arrasate arteko zabortegia berrirekitzeko proposamen bat egin dio Debagoieneko Mankomunitateak Eusko Jaurlaritzari.

Kontuan hartzekoa da iaz 850.000 tona hondakin hartzen zituzten hiru instalazio itxi behar izan zituztela: Zaldibar, Mutiloa eta Larrabetzu.

Gainera, Jaurlaritzaren aurtengo agiri baten arabera, “7’5 milioi metro kubo hondakinentzako lekua beharko du hiru herrialdeetako ekonomiak 2030erako. Hau da, gaur egun dagoen ahalmena bikoiztu egin beharko da Jaurlaritzak aurreikusitako hondakinak jasotzeko”.

Epelek 465.000 tona hondakin biltzeko lekua du, eta 2018tik itxita dago. Izan ere, bere “bideragarritasun ekonomikoa zalantzan zuela itxi zuten instalazioa, besteak beste, haren bezero nagusietako batzuk Zaldibarrera joan zirelako, han merkeagoa zelako eta kontrol lausoagoak zeudelako”.

Debagoieneko Mankomunitateko Gobernuak Epeleko zabortegia berrirekitzeari uko egin zion, bestelako eredu baten alde, baina Eusko Jaurlaritzak berrirekiera eskatu dio zenbait alditan.

Besteak beste, “Mankomunitateak Jaurlaritzaren informazio eskaera bat jaso du hitzarmena lantzeko, eta, beraz, pentsa daiteke Jaurlaritzak negoziatzeko borondatea duela”.

Berriak azaldu duenez, “Debagoieneko Juntak berriz irekitzea onartu du, baina baldintza batzuk jarri dizkio Jaurlaritzari: ingurumen legeak betetzea, EAEtik kanpoko hondakinak ez jasotzea, eta bideragarritasun ekonomikoa bermatzea. Hots, jarduerari nolabaiteko bermea ematea”.

Bide honetan, Debagoienak eskatu dio Jaurlaritzari “berak egin dezala zabortegia berriz irekitzeko beharko litzatekeen inbertsioa (bi milioi euro inguru), eta, gero, jasotako hondakinen etekinekin zor hori kitatzea. EH Bilduk gehiengoa du Mankomunitatean, baina alderdi guztiek babestu dute proposamena”.

Horri dagokionez, gobernuko iturriek aitortu dute emana diela Mankomunitateak zabortegiaren “egoeraren inguruko informazioa”, baina ez dute argitu ontzat jotzen duten edo ez.

Mankomunitatean izan dituzte jadanik “industria arloko enpresen deiak, zabortegia zertan den galdetzeko… Bi erakundeak ados jarriz gero, urtebete beharko luke Epeleko ateak berriz irekitzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen