Emakume Txokoak 2022ko egitarauari ekingo dio otsailaren 18an Celeste Agüeroren ‘La encendida’ musika emanaldiarekin

0
366

Euskal Herriko eta Latinoamerikako erritmo, doinu eta hitzak biltzen dituen emanaldi poetiko-musikala da. Ekitaldi berean ‘Nik sinisten dizut’ irakurketa kolektiboko bideoa aurkeztuko da.

Testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Otsailaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, egitarau berriari hasiera emango zaio Emakume Txokoan. Irekiera ekitaldian “Nik sinisten dizut” irakurketa kolektiboko bideoa aurkeztuko da. Proiekzioaren ondoren Celeste Agüerok “La encendida” musika emanaldia eskainiko du, Garazi Basterretxearen laguntzarekin.

Euskal Herriko eta Latinoamerikako erritmo, doinu eta hitzak biltzen dituen emanaldi poetiko-musikala da “La encendida”. Proiektu honen helburua batzen gaituen ozeanoaren alde bietako abesti eta poemen bidez leku horietako garai desberdinetako ahots, borroka zein amets desberdinak, gaur egungo errealitateetan, oraindik ere bizirik dirautenak, konpartitzea da.

Ahotsean Celeste Agüero izango da “cuatro venezolano” delakoaz lagunduta eta Garazi Basterretxea perkusioan (Argentinako “bombo legüero” izenekoa) eta poemen irakurketan arituko da. Emanaldi honek poesia xuxurlatuaren eta arpegioen bidez erlaxatzeko zein kunbia eta txakarera erritmoak dantzatzeko uneak tartekatzen ditu.

Oharra: Emakume Txokoko aforoa zaintzeko, beharrezkoa izango da izena ematea, aldez aurretik, 943 79 41 39 edo 618 206 233 telefonoen bitartez edota emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikoan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen