Arrasate inguruko herritar honi SMS bat iritsi zaio gaur, bere kontu korronte zenbakia eskatuz, berari “Agencia Tributaria delakoak 450 € ordaintzeko”.
Ertzaintzak ohartarazi berri du Arrasate inguruko emakume batek gaur salatutako ustezko iruzur baten inguruan.
Herritar honi gaur goizean SMS mezu bat iritsi zaio “bere kontu korronte zenbakia eskatuz, berari Agencia Tributaria delakoak 450 € ordaintzeko, agentzia horrek egiteke omen zuen ordainketa gauzatzeko”.
Emakumeak badaezpada benetako Agencia Tributariara deitu du, eta estatuko agentzia honek erantzun dio berak ez dituela “inoiz SMSak erabiltzen, ezta posta elektronikoak ere, informazio konfidentziala, ekonomikoa eta pertsonala eskatzeko, adibidez kreditu txartelen edota kontu korronteen zenbakiak”.
Ertzaintzak azaldu duenez “ez dugu antzeko kasu gehiagoren berririk izan, baina badaezpada ohartarazten dugu, iruzurrik gerta ez dadin”.
Ildo horretan, Ertzaintzak herritarrei aholkatzen die “susmoren bat izatean, edota norberari datu pertsonalak eskatuz gero, harremanetan jartzea zuzenean agentzia ofizialarekin eta autoritate polizialekin”.