Elkartasuna eta kooperatibismoa ardatz, Mundukideko X. lasterketa solidarioa ospatu da

0
3084

Eguraldia lagun ez izan arren, giro aparta bizi izan da gaur goizean Aretxabaletako Urkulu urtegian, Mundukide Fundazioak antolatutako X. Lasterketa Solidarioan. Kooperatibismoaren eta elkartasunaren balioak oinarri, 57 kooperatibatako langileek hartu dute parte aurtengo edizioan. Urtez urte parte-hartzea etengabe handitzen ari da, eta lasterketa erreferente bilakatu da Debagoienean, enpresen arteko lankidetza eta elkartasuna sustatuz.

Nesken kategorian, Fagor Electronicako taldeak eskuratu du garaipena, Mónica Vaz, Sara Fermín eta Eneritz Oruna izan direlarik irabazle, 34 minututik beherako denborarekin. Eroski S.Coop.-eko hirukoteak lortu du bigarren postua eta Emun-eko langileek osatutako taldeak hirugarrena.

Mutilen kategorian, Orbeako taldeak lortu du garaipena, Aider López de Chavarri, Pablo Trujillo eta Mikel Rodríguez izan direlarik azkarrenak, 25 minutuko denborarekin. Bigarren izan da Copreci S.Coop.-eko taldea eta hirugarren, Orbik Cybersecurity-ren ordezkariena.

Hirukote mistoen kategorian, Athlon Koop Elkartea izan da azkarrena, Jon Martin, Oihane Sarasketa eta Julen Aranbarri kide dituen taldearekin. Bigarren postua Orbea-rentzat izan da eta hirugarrena Ulma Architectural Solutions-ek eskuratu du.

Zuzendaritzan aldaketa

Aurtengo edizioak, gainera, Mundukideren zuzendaritzan aldaketa garrantzitsua ekarri du. Josu Urrutiak zuzendaritza utzi du, eta bere azken hitzetan eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan bidelagun izan dituen guztiei:

“Eskerrik asko urte guzti hauengatik, hemendik aurrera elkar ikusten jarraituko dugu, urtero egongo naz gaur bezalako egunean. Boluntario eta bazkide bezala jarraituko dut, zuzendaritza beste pertsona batek hartuko du, eta makila Itsasori pasatuko diot”.

Zuzendaritza Itsaso Erretolatzak hartuko du aurrerantzean, eta ilusioz beterik hartu du ardura berria:

“Nire ilusio guztiarekin ahalegin guztiak egingo ditut proiektu hau aurrera eramateko, zuek denokin kontatzen dot. Munduko kide garen einean, datorren astetik aurrera elkar ikusiko dugu”.

Urkuluko bueltan egindako lasterketak, beste behin, erakutsi du elkartasuna eta kooperatibismoa uztartuz posible dela kirola eta balio sozialak eskutik eramatea, Mundukideren proiektu solidarioen aldeko beste urrats sendo bat eginez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen