Testua: Elkartasun eguna eta Arrasateko SARE
Irailean Arrasaten antolatu ohi den elkartasun eguna jai giroan antolatzen den aldarrikapen eguna da, presoak etxera ekartzeko aldarrikapena bultzatzeko hain zuzen ere.
Aurten aldarrikapen eta festa giroari eutsi egingo diogu, baina elkartasun eguna elkartasun martxa bilakatuko da eta bertan dugun lekukoa eskuz esku pasatuko da 31 kilometroak bete arte
Une hauetan Arrasaten preso bakarra dugu, Unai Parot. Estatu Espainolean bete zitekeen zigorrik handiena bete du dagoeneko: 30 urte. Zigorra beteta duenez, kalean egon beharko luke, baina espetxean zegoela berriz epaitu zuten ETAko kidea izateagatik. Inoiz ez dute egin horrelakorik euskal presoen kasuan. Legeak dio gauza berarengatik ezin dela inor epaitu berriz, baina Unairi beste 11 urteko espetxe zigorra jarri zioten, Parot doktrina deiturikoa atzera bota zutenean Estrasburgon.
Hori dela eta Elkartasun eguneko kideek eta SAREk 31 kilometroko Elkartasun martxa antolatuko dugu irailaren 18an. 31 kilometro, 31 urte daramatzalako Unaik espetxean eta Unairekin egiten ari direna salatu nahi dugulako. Bizi arteko zigorra behingoz amaitzea eskatzen dugulako. 31 kilometro horiek Arrasateko eragileek egingo dituzte, bertara babesa ematera etorri diren arrasateko euskaltzale, pentsionista, kirolari, auzo elkarte, ostalari, dendari, feminista, zinegotzi eta alkate, sindikatukide, musikari, dantzari, dispertsioa zuzenean ezagututako presoen senide eta beste hamaika lagun eta erakundek. Guztiok elkarrekin aldarrikatuko dugu preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidea egin behar dutela. Izan ere, gure herrikoak diren Peixoto eta Arbe ere etxean nahi ditugu. Bata, frankismotik, 53 urte jaioterritik urrun; bestea, 37 urte deportazioan, Estatu Frantses eta Espainolak hala erabakita zigor ikusezina ordaintzen.
Irailaren 18ko Elkartasun martxa eguerdiko 12:00etan hasiko da Biteri plazan. Animazioarekin egingo ditugu 31 kilometroak herrian zehar eta lekukoa eramango dugun pertsonez gain, Arrasateko herritar guztiak gonbidatu eta animatu nahi zaituztegu parte hartzera elkartasun martxa honetan.
Ez dugu ukatuko azken hilabeteotan urratsak egin direla preso guztiak Madrildik gorako espetxeetara gerturatzean, senideei bidaietako zama pixka bat arindu diela neurriak, baina hori ez da nahikoa. Legea betetzea besterik ez dugu eskatzen ondorengo puntuetan:
- Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dute.
- Gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak etxean egon behar dira.
- Gradu progresioa aplikatuz, baimenekin ateratzeko aukera izan beharko lukete.
- Hiru laurdenak beteta dituztenak etxean egon behar dira baldintzapeko askatasuna aplikatuz.
- Salbuespenezko legeekin epaitutakoei legedi arrunta aplikatu behar zaie.
Hauek guztiak lortzeko gizartearen aktibazioa eta mobilizazioa ezinbestekoak izango dira. Elkarbizitza, konponbidea zein bakea erdiesteko ezinbestekoa da herri osoak parte hartzea antolatuko diren ekintzetan. Beraz, hartu parte irailaren 18an egingo den elkartasun martxan, egin zuk nahi adina kilometro preso, iheslari eta deportatuak etxeratzea eskatzeko.
Unai etxeratzeko BIDEA GARA!
Elkarbizitza, bakea, konponbidearen alde parte hartu!
Izan preso, iheslari eta deportatuak etxera ekartzeko bidea!





