Elkarretaratzea, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko protokoloak deituta

0
901

Testua eta artxiboko argazkia: Euskaldunon Hizkuntza Eskubideen Aldeko Arrasateko Protokoloaren eragileak.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, EAEko udal legeak udalei euskara hutsean jarduteko ematen dien aukeraren kontra, emandako sententzia dela eta, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloak elkarretaratzea egingo du datorren astelehenean, uztailak 10, 19:30ean eta Herriko plazan.

Eusko legebiltzarrak adostasun politiko zabalarekin onartu zuen udal legea 2019an eta udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko bide berriak zabaltzen zituen. Esate baterako, hizkuntza politikak sustatzeko eskumena aitortzen die udalei, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko aukera babestu du edota barne mailako dokumentuak euskara hutsez egitea balekotzat jo.

Alabaina, Vox alderdiak helegitea jarri zion aipatu legearen 6.2 artikuluari, hau da, zehazki euskararen erabilera arautzen duenari, Espainiako Konstituzioaren kontra egiten zuelakoan. Hala, EAEko Auzitegi Nagusiak, artikuluaren inguruan zalantzak zituela eta, Espainiako auzitegira jo zuen haren iritzia eskatuz eta hortik iritsi da atzoko sententzia.

Konstituzionalak udal legeaz egiten duen irakurketa bihurria eta gaiztoa da oso. Udalek euskaraz jarduteko aukera izateak gazteleraren gainetik jartzea dela ondorioztatzen duelako.

Legearen muinak ez du ondorio horretara iristeko bide juridikorik ematen, ordea. Garbi esaten baitu udalek euskara hutsez funtzionatzeko aukera dutela betiere udal ordezkari guztiak euskaldunak badira. Beraz, udal legeak ez du inoren hizkuntza eskubiderik urratzen, atzoko sententziak kontrakoa dioen arren.

Bistan da Konstituzionalaren irakurketa euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako beste urrats bat baino ez dela.

Mariano Rajoy (PP) Espainiako gobernuburu zenean, Carlos Urkijo EAEko gobernu ordezkariak irekitako bideari jarraituz, geroz eta ugariagoak eta larriagoak diren neurri politiko eta judizial euskarafoboetan beste bat.

Oraingo honek, ordea, aurrekari ezin larriagoa ezarri dezake, euskararen sustapena eta normalizazio prozesua ez ezik, euskararen ofizialtasuna ere kolokan jartzen baitu, gure hizkuntzaren egoera eta euskaldunon hizkuntza eskubideak 40 urte atzera egiteko arriskua dakarrelako.

Horren aurrean, komunitate gisa erantzutea dagokigu. Hasteko, astelehenean, herriko plazara batuz, eta, azaroaren 4an, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen