Elkarrekin Arrasatek Visesak Zerrajeran eraiki behar dituen etxebizitzen inguruko mozioa aurkeztuko du astearteko udalbatzarrean [Testua: Elkarrekin Arrasate]

0
938

Etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea unibertsala da eta horrela dago ezarrita giza eskubide lez Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean. Espainiar Estatuko Konstituzioak ere etxebizitza egoki eta duina aipatu eta jasotzen du 47. artikuluan eta gaineratzen du indar publikoak izan behar direla eskubide hau exekutatzeko beharrezko baldintza eta araudiak sustatu behar dituztenak, atxikituz interes orokorraren babesean lurzorua arautu behar dutela eta espekulazioa ekiditu. 2015eko Euskal Etxebizitza Legeak etxebizitza egoki eta duina eskubide subjektibo bezala finkatzen du.

Arrasaten, 628 norbanako eta familia daude Etxebiden izapideturik Babes Ofizialeko alokairu sozial eskatzaile bezala. Honek ez du esan nahi behar hau duten bakarrak direnik, norbanako eta familia ugari izango dira izena eman gabe egoera berean daudenak. Honek esan nahi du gutxienez 628 norbanako eta familien aitortutako eskubide bat urraturik dagoela egoera honetan, eta eskubide hau exekutatzeko arduradunek, kasu honetan euskal indar publikoek, ez dituztela legez onartu dituzten baldintzak betetzen.

Egoera kaxkarra da eta gainera okerrera goaz. Klase popularrek oraindik 2008ko krisi ekonomikoaren eraginak ordaintzen dihardugu. Eta garrantzizkoa da azaleratzea, krisi ekonomiko hau ez genuen klase popularrek eragin, krisia aberatsen grinak eratu zuen. Interes inmobiliarioek, espekulazioak, gehiengoen beharren kontura gutxiengo batzuen etekinak eragiten zituen eredu batek. Etxegabeko jendea eta jende gabeko etxeak ekoizten zituen eredua. Ezin ahaztu banku eta inbertsio funts eta antzerako putreek etxegabetze masiboak aurrera eraman zituztela.

Gaur beste krisi baten atarian gaude eta krisi hau ere ez dugu klase popularrek eragin. Baldintzak ezarrita zeuden 2008ko krisitik sarraski eredu berdinaz irten zelako eta pandemiak txinpartak hauspotu eta faktoreak larritu ditu. Gauzak okertzeko, uztailetik aurrera beste etxe-gabetze jario bat dator, 30.000 bat mila izango dira, hipoteka lege berriaren ondorioz ordaindu gabeko 12 kuotek etxegabetzea ahalbidetuko bai dute. Jada bankuak, saiak sarraskiaren bila balira bezala, hasi dira epaitegietan salaketak jartzen. Krisi honek gainera, klase ertaineko familia ugariren egoerak prekarizatuko ditu eta hainbat eta hainbat alokairua ordaintzeko zailtasunetan ezarriko dituzte, beste hainbeste hipoteka kuota ordaintzerakoan. Arrasateko norbanako eta familia pila batek izugarrizko arazoak izango dituzte epe motzean.

Egoera guzti honen aurrean Ingurumen, Lurralde plangintza eta Etxebizitzako Sailaren planteamendua gauzatzen ari da Arrasaten, Zerrajeran Babes Ofizialeko 184 etxebizitzen eraikuntza. Visesak Moyuari esleitu berri diona, 3 urtetan burutzeko, 2023ko laugarren hiruhilabetekoan hain zuzen ere. 184 etxebizitzatik 63 salmentakoak izango dira (salneurri guztiz debekatzaile batean, 178.200€ adibidez) eta besteak alokairuan. Epe berri hau zorrotz betetzen dela suposatuz, 184 etxebizitza hauen eraikuntzaren atzerapen totala 10 urtekoa izango da gutxienez, 2013 urtean eraikita izateko konpromisoa hartu bai zuen Visesak (etxebizitza publikoen sustapenerako Jaurlaritzaren enpresa).

Argi esan daiteke beraz, promozio honen kudeaketa zentzugabekeria hutsa izan dela, herritarren beharretara egokitu gabea, arduragabea, ezmorala eta legez kontrakoaren mugetan. Inoiz ez da herritarren aurrean 10 urteko atzerapen hau justifikatu edo arrazoitu. Gogoratu behar da funtsezko eskubide batez hizketan ari garela, Arrasaten milaka pertsona eragiten dituen arazo soziala eta 2013an eginik izan beharrik gutxienez 10 urte atzeratuko dena, inongo aitzakiarik ezagutu gabe administrazioaren aldetik. Gardentasun falta nabarmena.

Etxe-Bideren datuen arabera (628 norbanako eta familia eskatzaile bezala izapideturik), jasotzen dituen eskaera guztien %85-a alokairu sozialerako etxebizitza eskaerak dira baina Zerrajeran egingo den proiektuaren soilik %65’8-a bideratzen da honetara, falta diren etxebizitzak, %34’2-a salmentara doaz. Guztiz ulertezina da erabilera sozialaren ikuspuntu batetik salmentako etxebizitzen gain-errepresentazio hau, datuek argi erakusten dutenean benetako behar erreala alokairu soziala dela. Erabaki hau etxebizitza merkatu eta espekulazioa ahal den guztia sustatzea nahi bada soilik ulertu daiteke. Honek gainera zuzenean Iñaki Arriola sailburuaren hitzak iruzur hutsa direla baieztatzen du; bere hitzetan eta Jaurlaritzako Etxebizitza saileko Plan Estrategikoak ezartzen duenez, 2020-tik aurrera eraikitzen diren Babes Ofizialeko etxebizitza guztiak alokairu sozialean izan beharko lirateke.

2019ko azaroan, behin behienez 46 salmentako etxebizitza esleitu ziren, Zerrajerako 63 guztiak esleitzeko eskaerarik ez dagoelako. Erabat salagarria iruditzen zaigu etxebizitzen salmenta lehenestea alokairu sozialaren aurretik, azken honen eskaera eta beharra gure herrian askoz handiagoa izanda. Jarrera ezmoral eta arduragabea erakusten du, herritarren benetako behar errealak alde batera uzten dituelarik. Berriz ere, ez dituzte soilik euren araudiak edo emandako hitza bete gabe uzten, interes espekulatzaileak behar sozialen gainetik lehenesten dituzte.

Gutxi balitz, 184 etxebizitza promozio hau 2020ko  hirugarren hilabetean  hasiko litzateke eta 2023ko laugarrenean bukatu. Zergatik hainbeste denbora lehen mailako arazo eta behar sozial honen aurrean?

Guzti hau horrela izanda, Elkarrekin Arrasate koalizioak ondorengoak exijitzen ditu:

● Zerrajeran eraiki behar diren 184 etxebizitza guztiak alokairu sozialean ezartzea.

● Behin-behineko salmenta esleipenak indargabetzea behar soziala lehenetsiz.

● 184 etxebizitzen eraikitze epea azkartzea, gehienez 2 urteko muga ezarriz.

● Herritarrei 10 urteko atzerapenaren zergatiak azaltzea, lursailak erosita zeudela kontuan hartuta eta herritarren beharrak larrialdikoak direla ikusirik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen