Abenduko estreinaldi arrakastatsuaren ostean, Foru Aldundiak 36 udaletara zabaldu du Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzaleari buruzko ikus-entzunezkoa. Iban Gonzalez Pagaldai dugu laneko zuzendaria.
Framea: Euskal Zine Bilera / Kartela: Baleuko / Beheko testua: Gipuzkoako Foru Aldundia.
Elbira Zipitria Irastortza (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) hezitzaile eta euskaltzale aitzindariari buruzko dokumental fikzionatua herriz herri estreinatuko da datozen asteetan. Guztira, lurraldeko 36 herritan ikusgai egongo da Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana. Hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen filma da Elbira.
Donostiako Kursaaleko auditorioan abenduaren 26an estreinatu zen lana, Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean, 1.500 pertsonen aurrean. Ikusleen aldetik izan zuen harrera ona eta arrakasta handia ikusirik, Foru Aldundiak udaletara zabaldu du ikus-entzunezkoaren eskaintza. 36 herrik interesa agertu dute filmaren emanaldiak antolatzeko: Aduna, Aizarnazabal, Alegia, Alkiza, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Beasain, Deba, Elgoibar, Eskoriatza, Ezkio Itsaso, Hondarribia, Irura, Itsasondo, Lazkao, Mendaro, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Ormaiztegi, Soraluze, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Zarautz, Zestoa, Zumaia eta Zumarraga. Otsaila eta martxoa bitartean izango dira emanaldi gehienak aipatutako herrietan, eta bakoitzari buruzko informazioa helaraziko dute udalek kultur gidetan edota udal webgunetan.
Horiez gain, UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak ere interesa azaldu du udaberrian dokumentala ikasleen artean aurkezteko.
Elbira Zipitria, hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria
Iban Gonzalezek zuzendutako ‘Elbira’ dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakontzen du 65 minutuetan zehar. Gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak ditugu protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatzen digute filman zehar. Horiek dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.
Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.
Dokumentalaren ekoizpenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzada eta babesa izan du, eta proiektua garatzen lagundu dute baita ere EiTBk, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK fundazioak eta Bermeo eta Donostiako udalek.
Herria | Data | Tokia |
Aduna | Zehazteke | |
Aizarnazabal | Martxoak 10 | |
Alegia | Apirila | |
Alkiza | Martxoak 31 | |
Amezketa | Azaroa | Amezketako Kultur Etxea |
Andoain | Maiatzak 11 | Bastero Kultur Gunea |
Aretxabaleta | Martxoa | |
Arrasate | Zehazteke | |
Asteasu | Zehazteke | |
Astigarraga | Martxoak 10 | Erribera Kultur Gunea |
Ataun | Martxoak 5 | |
Azkoitia | Martxoak 8 | Azkoitiko Elkargunea |
Beasain | Otsailak 14 | Usurbe Antzokia |
Deba | Martxoak 12 | Debako Kultur Elkartea |
Elgoibar | Martxoak 22 | |
Eskoriatza | Martxoa | |
Ezkio Itsaso | Zehazteke | |
Hondarribia | Martxoak 11 | Itsas Etxea |
Irura | Martxoak 9 | |
Itsasondo | Martxoak 17 | Itsasondoko Kulturgunea |
Lazkao | Otsailak 15 | Areria Kultur Gunea |
Mendaro | Zehazteke | |
Oiartzun | Zehazteke | |
Olaberria | Martxoak 8 | Batzar Aretoa |
Oñati | Zehazteke | |
Ordizia | Otsailak 2 | Herri Antzokia |
Ormaiztegi | Zehazteke | |
Soraluze | Martxoak 22 | |
Tolosa | Martxoak 22 | Leidor |
Urnieta | Zehazteke | Sarobe arte eszenikoen gunea |
Urretxu | Zehazteke | |
Usurbil | Martxoak 19 | Sutegi |
Zarautz | Martxoak 9 | Modelo Aretoa |
Zestoa | Zehazteke | |
Zumaia | Martxoak 29 | |
Zumarraga | Martxoak 16 | Zelai Arizti Kultur Etxea |