‘Elbira’ dokumental-fikzionatua martxoaren 7an Amaia Antzokian

0
395

Elbira Zipitria irakasle eta euskalzalearen historia kontatzen duen dokumental-fikzionatuaren estreinaldian, Arrasaten, Iban Gonzalez zuzendaria izango da, eta bertaratutakoek solasaldia izango dute dokumentalaren emanaldiaren amaieran.

Testua: Arrasateko Udala.

Datorren martxoaren 7an, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako ‘Elbira’ dokumentala eskainiko da Amaia Antzokian. Fikziozko dokumental honek Zipitriaren bizitzako gertakizunetan sakonduko du, baita Euskal Herriari egindako ekarpenean ere. Arratsaldeko 19:30etan izango da eta sarrera doakoa izango da. Sarrerak www.arrasate.eus webgunean edo Amaia Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira.

Estreinaldian, Arrasaten, Iban Gonzalez zuzendaria izango da, eta bertaratutakoek solasaldia izango dute dokumentalaren emanaldiaren amaieran.

Dokumental fikzionatua

Euskal gizarteak oso sakon barneratua dauka memoria historikoa lantzea eginbeharreko ariketa dela. XXI. mendeko Gipuzkoa eta Euskal Herria ez da egun batetik bestera eraiki. Gizaki konprometitu askoren lana dago atzean, eta azkenengo urteetan badago konpromiso bat pertsona horien lan eta sakrifizioa aitortzeko. Iban Gonzalezek zuzendutako ‘Elbira’ dokumentalak Zipitriaren bizitzan eta jardunean sakonduko du.

Horretarako, gertutik ezagutu zuten pertsonak eta adituak izango ditugu protagonista eta haren istorioaren narratzaile. Elbira Zipitriaren bizitzaren pasarte fikzionatuen laguntzaz, haren jatorria, konpromiso politikoa, Iparraldera ihesa, itzulera eta jarduna kontatuko digute. Horiek izango dira: Mari Karmen Mitxelena, andereñoa, Orixe ikastolako sortzailea eta Elbira Zipitriaren laguna; Kontxita Beitia, andereñoa, Zurriola ikastolako sortzailea eta laguna; Mari Karmen Garmendia, andereñoa eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohia; Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Iñigo Garaialde eta Koro Zumalabe, ikasle ohiak.

Horretaz gain, Elbira Zipitriaren bizitzako hainbat pasarte fikzionatu ditu dokumentalak, haren ibilbidean jasotako argazkietan eta dokumentuetan oinarrituz. Iparraldeko egonaldia, Urgull mendira egiten zituen irteerak edota On Jose Miguel Barandiaranekin izan zuen harreman estua dira horietako batzuk. Teresa López de Munainek emango dio bizia andereñoari. Oihana Maritorena, Egoitz Lasa eta Teresa Calo ere agertzen dira, besteak beste.

Ibilbide emankorra eta “epikoa”

Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta gero, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapen egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien. 

Maistra berriak trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastola sortu zuen 1968an. Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen