Ekiolako bazkideak Garaiako instalaziotik energia jasotzen hasi dira

0
740

Artxiboko argazkia eta beheko testua: Leintz Bailarako Ekiola.

Hainbat tramite administratibo gaindituta, Leintz Bailarako Ekiolako bazkideak ari dira dagoeneko Garaiako instalazio fotovoltaikotik energia jasotzen. “Albiste pozgarria da ematen ari garena. Lortu baitugu, lan askoren ostean, energia bertatik jasotzen hastea. Azken hilabeteetan, berez, instalazioa energia sortzen egon da, baina, oraindik ez geneukan bazkideen kontratuetara lotuta. Orain bai eta gauzak horrela, abuztuan jasoko dugu bazkideok faktura berria”, azaldu du Leintz Bailarako Ekiolako presidente Iñaki Aranburuk.

Gaur gaurkoz, Garaiako instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energiaren %72 esleituta dago bazkideen artean eta asmoa da, %100 esleitzea, ahal den heinean, familia edo etxebizitza batera. “Une honetan, esleituta ez dagoen %28 horrek sortzen duen energia sarera botatzen dugu eta horregatik zeozer kobratuko dugu eta kooperatibarendako onura izango da, baina ez da hori gure helburua, baizik eta Leintz Bailarako herritarren artean partekatzea instalazioak sortzen duen energia”.

Hori horrela, bazkidetza kanpaina martxan du Leintz Bailarako Ekiolak. “Pentsatzen dugu une hau gakoa dela bazkide berriak egiteko. Garaiako instalazio berriztagarriak ematen dituen onurak ikusten hasiko gara berehala eta hori herritarrek apreziatuko dutela pentsatzen dugu. Guk, jarraituko dugu, ahal dugun neurrian, bazkide berriak erakartzeko lanean”, azaldu du Aranburuk.

Zentzu horretan, komeni da gogora ekartzea, bazkidetza kanpaina martxan dela Leintz Bailarako lau herrietan –Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan–, eta prozesua abiatzeko modua leintzbailara.ekiola.eus web gunean sartzea da. Erabiltzaileak, online bidezko prozesu erraza jarraitu beharko du bazkide egiteko.

Leintz Bailarako Ekiola kooperatibak bostehun watteko 2.520 panel ezarrita ditu Arrasateko Garaia Gunean, eta, aurreikuspenen arabera, gai izango dira 1.375 megawatt sortzeko orduko. Kontsumo horren kostua jasangarria eta egonkorra izango da bazkideentzat, merkatu elektrikoan gertatuko diren aldaketak ekidingo dituelako.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen