Ekiolak, bazkide plazen %51 beteta, Errektore kontseilua hautatu du, obrak “apirilean” hasteko

0
984

Ekiola Kooperatibak atzo arratsaldean Batzar Orokorra egin zuen Amaia Udal Antzokian. 202 bazkideetatik 118 bertaratu ziren ekitaldira, hortaz %58’42.

Orain arteko arduradun taldeak baieztatu du “ez dela erraza horrelako proiektu bat aurrera eramatea, sekulako lana dago atzetik”, baina “egun esan dezakegu kooperatiba bideragarria dela”.

Horrela, eraikuntza obrak “apirilaren bukaeran” hasiko dituzte eta “espero dugu abuztuan bukatuta izatea, eta proiektua martxan jartzea”.

Ondo bidean “iraila izango litzateke energia sortuko lukeen lehen hilabete osoa”, eta horrek islada izango luke bazkideen “urriko fakturan”.

Proiektua gizarteratzen dabiltza eta onartu dute “uste baino gehiago kostatu zaigula”, eta oraingoz “204 familia edo pertsona gehiagok parte har dezakete Ekiolan”.

“Gaur egun 214 bazkide daude Ekiolan, eta kontsumoaren %60 konprometituta dago. Alde batetik herritarrak daude, eta bestetik bazkide laguntzaileak: Arrasateko Udala, Fagor eta Laboral Kutxa”.

Obrak hasteko “baimen guztiak dauzkagu, eraikuntza kontratua sinatuta dago, sozializazio kontratu bat ere sinatu genuen, baita operazio- eta mantenu-kontratu bat ere”.

Gainera, “merkaturatzeko kontratu bat beharko da, eta Udalarekin alokairu kontratu bat sinatu da. Kooperatiba kudeatzeko administrazio-kontratu bat behar da”.

Proiektuak aurrera egin dezan “eragile ezberdinekin lortu dugu falta den finantzazioa, horrela ez dugu itxaroten egon beharko. Herritarrek izena emango duten heinean, finantzazio hau itzuli egingo da”.

Batzar Orokorrak jakitera eman zuenez, “azken hilabeteetan prezioa ekonomikoagoa izateko lanean ibili gara, eta egun 40 € megawatt orduko da”.

Egungo legediak “ahalbidetzen du autokontsumo modalitate bat aplika dezakegula. Hau da, baliteke kooperatibak sortuko duen energia bazkideek une berean kontsumituko badute, bazkideek peajeak eta zergak aurreztuko lituzketela”. Batzar Orokorrak Kontseilu Orokorreko kideak aukeratu zituen bozka bidez.

Titularrak:

  • Iñaki Aranburu (111 bozka)
  • Maite Iturbe (110)
  • Jon Loiti (110)
  • Jose Mari Balzategi (108)

Ordezkoak:

  • Lourdes Larrañaga (85 bozka)
  • Jesus Mari Arizmendiarrieta (81)
  • Carlos Martínez (40)

Beraz, 7 pertsona horiek Errektore Kontseiluko kide izendatu zituzten datozen 5 urteetarako. Laguntzaile bezala Fagor S. Coop. (Aritz Otxandiano), Arrasateko Udala (alkatea) eta Laboral Kutxak (Joseba Barandiaran) parte hartuko dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen