Ekiola (obrak eginda, weba finduta,…) banatzailearen zain da, parkea udaberrian abiatzeko

0
735

Kooperatibak 2.520 eguzki-panelak instalatu ditu, eta “orain falta da banatzaileak konexioa egitea, baita legeztatze prozesua egitea ere”. Ekiolak onartu du bere webak arazoak eman dituela bazkidetzak egiteko, eta barkamena eskatu du. “Webgunea findu dugu, eta astelehenetik bazkidetzak egin ahalko dira”. “Baliteke parkea apiril aldean martxan jartzea”.

Ekiola kooperatibak prentsaurrekoa eman du gaur eguerdian Garaia Berrikuntza Gunean, Krean kooperatibaren egoitzan.

Eguzki-energiaren aldeko kooperatibako hiru ordezkarik parte hartu dute prentsaurrekoan [argazkian, ezkerretik hasita]: Jon Loiti, Maite Iturbe eta Iñaki Aranburu.

Bertan egitasmoaren egoeraren berri eman dute, azpimarratuz Ekiolak osotu dituela Arrasateko parke berriko eguzki-plaken instalazioa.

Panel bakoitzak 2’1 metro x 1’15 metro neurtzen du, 500 Watiokoa da, eta guztira 2.520 panel daude, “urtean gutxi gorabehera 1.375 MWh sortzeko”.

Energia horrek guztiak “550-600 familiaren beharrak asetzeko beste da”, eta bazkideendako kontsumoa “jasangarria eta egonkorra” izango da.

Izan ere, Jon Loiti Ekiolako lehendakariordeak iragarri du kontsumo honek “merkatu elektrikoan egongo diren aldaketak ekidingo” dituela.

Lehendakariordeak jakitera eman du kooperatiba “urritik” dagoela bi urratsen zain: alde batetik “parkean sortutako energia elektrizitatea banatzeko sare orokorrean injektatzea ahalbidetuko duen konexioa martxan jartzeko zain”.

“Hori banatzailearen (I-DE Redes Eléctricas Inteligentes) lana da eta urtarrileko lehenengo astean egitea espero da”.

Ildo honetan, “sarera konektatzea posible izango denean”, horren ostean, beste urratsa hasi ahalko da: “administrazio bidezko legeztatze prozesua hasiko da”.

“Baimen hori ezinbestekoa da instalazioa bazkideentzat energia ekoizten has dadin”. Azaldu dutenez, “legeztatze prozesua Red Electricaren eta I-DEren esku dago”.

Maite Iturbek, Ekiolako Komunikazio arduradunak, ere azpimarratu du “instalazioak eginda daudela, eta gure esku dauden lan guztiak amaituta daudela”.

“Ez gara lokartuta egon eta hirugarren eragileei zain gaude, tramite legalak tarteko, konektibitatea lortu ahal izateko”.

“Orain saiatuko gara prozesu horiek ahalik eta gehien bizkortzen, baina ikusten dugu horretan gutxi egiteko daukagula”.

“Beste Ekiola proiektuak ikusirik, kalkula dezakegu zenbat hilabete tardatu dezaketen. Kalkulu bat eginda, eta ondorengo fetxa bermatu ezin dugula, baina parkea 2024ko apiril aldean jar litekete martxan”.

Ekiolak prentsaurrekoa baliatu du ere “bazkideei pazientziagatik eskerrak emateko, izan ere, urtebete oso bat pasatu da, eta erabaki dugu aurpegia ematea eta egoera azaltzea”. Ekiolak iragarri du “gu konprometitzen gara, instalazioa martxan jarri aurretik, zuekin [bazkideekin] harremanetan jarriko gara”:

  • Hornitzailearekin izango dugun kontratuaren ezaugarriak azaltzeko
  • Faktura nolakoa izango den azaltzeko
  • Kontsumo baterako pauta arrazional batuk emateko

“Hau da, guk sortutako energiaren kontsumoan eraginkorragoak izan gaitezen”. Prentsaurrekoan ere mezu bat adierazi dute “bazkide izateko saiatu direnei”:

“Badakigu zailtasun batzuk izan direla, prozesua ez dela behar bezala bukatu, ez duela erantzuna garaiz eman, eta webgunera sartutako konexio batzuek ez dutela ondo funtzionatu, arazo teknikoen ondorioz”.

Horiengatik “gure barkamena eskatu” dute, eta “webguneko lanak jada finduta daude, eta datorren astelehenetik aurrera, abenduaren 18tik, webgune hori hobetuta martxan izango dugu bazkide egin gura direnentzat. Webguneak 4 fase izango ditu”:

1.- “Lehen fasean, datu pertsonalak eta helbide elektronikoa eman beharko dira. Izan ere, gero komunikazioak, webgunean agertzeaz gain, email bidez ere jakitera emango dira”.

“Horrez gain, badago CUPS izeneko datu bat, eta argindarraren kontsumitzaileok CUPS bat edo gehiago izan ditzakegu”.

“CUPS bat baino gehiago dutenek emailez galdetu behar dute nola jokatu beharko duten. Guk pentsatu dugu erabiltzaile bakoitzak CUPS bakarra izatea”.

2.- “Bigarren fasean, bazkide izan gura duenak email bidezko ongietorri bat jasoko du, eta bere egungo kontsumoa zenbatekoa den galdetuko zaio. Erantzuteko bi era izango ditu”:

“Zuzenean, hau da, egungo faktura begiratuta, edo, bigarren modua, sistemari utziz gure kontsumoa zenbatekoa den kalkula dezan”.

“Horretarako, sistemak galdetuko dio ea zenbatekoa den etxebizitzaren azalera, zein instalazio elektriko dituen, zenbat pertsona bizi diren bertan,…”.

“Erabiltzailearen erantzunetan oinarrituta, sistemak gutxi gorabeherako kalkulu bat egingo du, eta proposamen bat bidaliko dizu emailez, zenbateko aportazioa egin beharko zenukeen zehaztuz”.

“Halaber, beste informazio bat ere jasoko duzu: estatutu soziala, kooperatibarekin izango duen kontratuaren ezaugarriak eta txosten bat”:

“Txostenak azalduko du, kontsumitzailearen berezitasunak ikusirik, zer faktura elektroniko izango zenuke eta merkatu elektrikoarekin nolabaiteko alderaketa bat”.

“Bigarren fase hau eginda, sistemak 10 egun emango dizkizu, datuak jakinda, bazkide izatea erabakitzeko. Ildo honetan, email automatizatu bat jasoko duzu”:

3.- “Parte hartzera animatzen bazara, hirugarren fasean, aportazio bat egin beharko duzu eta transferentziaren justifikante bat beharko genuke. Baita karnetaren bi aldeen kopia bana ere”.

4.- “Hori egin ondoren, laugarren fasean egongo ginateke. Bertan kontratua igortzen da, sinatzen da eta gure Kontseilu Errektorean onartuko litzateke bazkide izatea, kooperatibako parte izatea”.

Orokorrean, prozesu hau “oso automatizatua izatea gura dugu, eta prozesu erraza izango da, baina edozein zalantzarako sare sozialak bizirik izango dira [Twitteren eta Instagramen] erantzuteko prest. Baita noski gure emaila ere”.

Iñaki Aranburu Ekiolako lehendakariak ere onartu du “interesa izan duten pertsonek, akats eta arazo batzuk medio, ezin izan dutela beharbesteko erantzunik jaso”, eta barkamena eskatu du.

Horregatik euren “bazkidetze-prozesua neurri batean oztopatu da, baina badugu bazkidetzeko interesa agertu duten pertsonen zerrenda”.

Horri esker “datorren astelehenean, webgune berria abiatzean, egingo dugun lehen gauza izango da pertsona horiei emaila bidaliko diegu, bai barkamena eskatuz, eta jakinaraziko diegu badutela webgunean sarbidea egokituta, euren bazkidetza formalizatzeko. Hala, espero dugu pertsona horietako hainbatek euren bazkidetza gauzatzea”.

Bidenabar, Ekiolak ere mezu bat zuzendu die orain arte interesa azaldu ez duten pertsona guztiei:

“Trantsizio energetiko honetan erronka galanta dugu guztiok aurrean. Izan ere, ez da soilik enpresen eta erakunde publikoen ardura, norberaren ardura ere bada”.

“Herritar gisa trantsizioan parte har dezakezu, ardurarekin jokatuz, norberaren energia kontsumoa kontuan hartuz, igaro beharko ginake energia fosiletatik berriztagarrietara. Horretarako Ekiolak aukera paregabea eskaintzen du”.

“Gura dugu 200dik gora famili gehiago bazkide izatea, eta euren etxebizitzetan hemengo parkean lortutako energia erabiltzea”.
Horretarako, “lehenagoko agerraldietan azaldu izan dugun bezala, parkea garatzeko inolako arazo ekonomiko edo finantzierorik ez dugu”.

Garaiako parkean “eguzki-plaka guztiak eta instalazio guztiak jarrita daude. Leintz Bailarako herritar guztiak eta udalerri guztietakoei animatzen ditugu Ekiolan bazkidetzera, erronkari aurre egiteko”.

Orain arte Leintz bailarako 220 familia inguru bazkidetu dira, eta dira gehiago bazkidetu “webgunea blokeatuta egon” delako. “Ondorioz, egun bazkidetutako familia kopuruari dagokionez, duela 6 hilabeteko egoera berdinean gaude.

Itxaron zerrendarekin espero dugu igotzea”, eta “oraindik familia kopuru nahikoa bazkidetu ez den arren, gura dugu beste 200 familia inguru bazkidetzea”.

Argi utzi dute “Leintz Bailarako Ekiolaren helburu nagusia ez dela dirua ateratzea, irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, baizik eta, ahal dugun neurrian hedatzea sortze- eta kontsumo energetiko eredu hau Leintz Bailaran”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen