Ekainaren 23an zuzenean aurkeztuko dira ‘Gora herrixa! Eutsi merkatarixa!’ kanpainako abesti eta bideoklipa

0
1015

Aretxabaletako Arteman Komunikazioak bultzatutako ekimen honek, Debagoieneko hainbat merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako ordezkariak batu ditu eta eskualdeko negozio txikiei babesa eta laguntza ematea du helburu.

Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean, herri eta hirietako bizitzan negozio txikiek duten garrantziaz jabetzea oso garrantzitsua da. Ideia honetatik abiatuz, Arteman Komunikazioak kanpaina bat sortu du Gora herrixa! Eutsi merkatarixa! lelopean komunitateari, eta bereziki eskualdeko negozio txikiei, bere babesa erakutsiz. Kanpainaren, eta bere baitan sortutako abesti eta bideokliparen aurkezpena ekainaren 23an izango da, 15:30ean onlineko zuzenekoaren bitartez eta Arteman Komunikazioko webgunean jarraitu ahal izango da (www.arteman.eus).

Aurkezpenaren ondoren, ekimenean parte hartu duten hainbat pertsonarekin solasaldi bat egongo da. Gonbidatuen artean izango dira: Igor Sala, The Potes taldeko partaidea; Ainhoa Vitoria, Gaztea-ko esataria; Jon Apraiz, Arrasateko Ibai-Arte dendarien elkarteko lehendakaria; Unai Kortabarria, Oñatiko Udaleko enplegu teknikaria; Arrasateko NereaM gimnasioa eta Aretxabaletako Kiloka dendako ordezkariak; eta Artemaneko taldekideak, proiektuaren inguruko nondik-norakoak partekatzeko.

Artemaneko ordezkariek “gurekin batera ilusioz beteriko proiektu honetan parte izatera” gonbidatu nahi dituzte Debagoieneko eta, oro har, Euskal Herriko herritar guztiak, “orain inoiz baino gehiago, elkartasuna eta komunitateari babesa erakusteko momentua” dela azpimarratuz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen