Ekainaren 14an irekiko dira kanpoko igerilekuak

0
1299

Bestalde, Santa Barbara eta Villa Amparo ur parkeak uztailaren 1ean irekiko dira.

Ekainaren 14an, astelehena, Musakola kiroldegiko kanpoko igerilekuak irekiko dira. Irailaren 19ra arte egongo dira zabalik eta ordutegia 10:00etatik 20:30era izango da.

Aurten % 50eko edukiera izango du, eta txanda bakoitzeko 750 pertsona hartuko ditu. Berrikuntza gisa, aurten bi txanda izango dira: goizekoa 10:00etatik 14:30era eta arratsaldekoa 15:00etatik 20:30era. Itxita dagoen ordu erdia garbiketa lanak egiteko baliatuko da. Igeri egin ohi duten pertsonek edozein ordutan egin ahal izango dute, eta horretarako seinaleztatutako kale batzuk egongo dira. Beste urte batzuetan bezala, bi sorosle egongo dira goizean eta hiru arratsaldean.

Jendetzarik egon ez dadin, iaz bezala, esparrua lau zatitan banatuko da, eta aldez aurretik erreserbatu beharko da. Aurten aldaketa gisa, 24 ordu lehenagotik txanda amaitu arte erreserbatu ahal izango da, lekua dagoen bitartean.

Aurreko urtean bezala, erreserbak egiteko bi modu egongo dira, Musakola kiroldegian edo on line, kirolaonline.arrasate.eus helbidean. Horretarako, pasahitza bat behar da, eta iazkoak erabili ahalko dira. Harpidedun berriek pasahitza eskatu beharko dute.

Aurtengo beste berrikuntzetako bat eguneko sarrerak ere salduko direla da. Musakola polikiroldegian erosiko dira, edukiera beteta ez badago.

2019 urtean eta aurrekoetan bezala, aurten udako abonoa ateratzeko aukera izango da: 3 hilekoa izango da, honako tarifekin:

  • 18 urtetik behera erroldatuak: 41,70€
  • 18 urtetik behera ez erroldatuak: 50,10€
  • 18 urtetik gorako erroldatuak: 70,10€
  • 18 urtetik gora ez erroldatuak: 84,20€
  • abonu familiarra erroldatuak: 112€
  • abonu familiarra ez erroldatuak: 134,40€

Esparruan itzal gutxi dagoenez eta pilaketak saihesteko, esparruan eguzkitakoak sartu ahal izango dira. Kiroldegian oinarriak izango dira horiek jarri ahal izateko.

Ur parke berria Villa Amparon

Kanpoko igerilekuaz gain, ur txorroen parkeak egongo dira zerbitzu moduan aurten ere. Joan den urtean inauguratu zen Santa Barbarakoa, eta arrakastatsua izan zenez, aurten bigarren ur parke bat inauguratuko da, Villa Amparon. Etxaluze-Maala Ekobulebarraren eraberritzearen baitan eraiki da.

Santa Barbarako ur parkeak 21 joki ezberdin ditu, adin ezberdinetakoak erabili ahal izateko. Inguruan eserleku ugari eta mahai eta aulkiak daude bertan egon ahal izateko. Joan den urtean egunero 100 pertsonatik gora erabili zuten parkea.

Villa Amparoko parkea Santa barbarakoa baino handiagoa izango da. Bi ur-txorro gune ezberdin izango ditu: alde batetik, bide gorritik gertuen dagoen gunean, 18 jolas ezberdin egongo dira, 4 urtetik gorakoentzat izango direnak. Eta bestetik, etxe txikietatik gertu dagoen gunea haur txikientzat izango da, bi zirkuito ezberdinekin.

Bi parkeak uztailaren 1ean irekiko dira, eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara egongo dira erabilgarri.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen