EEE-a erretiratzeko eskakizuna Mikroliquid-eko bigarren greba egunean

0
784

Testua: LAB

Gaur, uztailak 2, Arrasateko Microliquid enpresako langileek bigarren greba eguna izan dute enpresak mahai gainean jarritako eta langileen herenari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) aurrean. Grebaren jarraipena %97koa izan da. Gainera, gaur egin da kontsulta aldiaren lehen bilera.

LABek salatu du enpresaren neurri hau ez dela bere kontu ekonomikoekiko proportzionatua; izan ere, 2024ko aurreikuspenak negatiboak izan arren, 2022ko eta 2023ko ekitaldietan irabaziak izan ditu. Gainera, 2024ko aurreikuspenetan informazio asko faltan igarri du LABek. Hurrengo bilerarako aurkeztuko omen dizkietela esan die zuzendaritzak langileen ordezkariei. Aurkeztutako dokumentazioan akats asko ikusi ditu LABek, eta horiek ere zuzenduko dituztela esan dute. LABek oraindik ez du EEEa aplikatzeak enpresari aurreztuko dion gastuen aurreikuspenik.

Espedientea erretiratzea eskatu dio sindikatuak enpresari, eta bien bitartean greba mantenduko duela jakinarazi dio. Hurrengo bilerarako proposamen bat ekarriko duela ziurtatu du enpresak.

Bihar, asteazkena, uztailak 3, goizeko 07:00etatik 09:00etara enpresa aurrean mobilizatuko dira langileak EEEarekiko desadostasuna erakusteko. Ostegunean, berriz, uztailak 4, manifestazio bat egingo dute 11:00etan lan zentrotik abiatuta, Arrasateko kaleetan zehar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen