Herritar batek atzoko udalbatzarrean salatu zuenez, lantegiak “ez du atmosferara isuri baino lehen filtrazio bat ere egiten”. Horrek esan nahi du “ez dabilela legalitatea errespetatzen”, eta eskatu du “Espainiar Estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arrasateko Alkatetzari dagozkien funtzio publikoa betetzeko”. Udalbatzarrean bertan Udalak erantzun zion “Udalaren eskumena ez dela Fagor Ederlanek botatzen dituen isurien kontrola”. Hala ere, neurketak egin ditu eta “aukerak eman dizkiogu” fundizioari bertatik “lehenbailehen irteteko”.
Bideoa: Udala.
Herritar honek salatu zuenez, Fagor Ederlanen Uribarriko plantaren harira, “legalitatea ez da batere errespetatzen”:
“Badira puntu batzuk 2024tik gaur arte aldatu direnak, batez ere Europar Batasunetik araudiak aldatu ziren”.
“Jakinaren gainean zeuden bai Udala, bai Eusko Jaurlaritza, baita estatu espainiarreko Ingurumen Ministerioa. Ez-betetze honek biztanleok babesgabetasun handi batean jartzen gaitu”.
Ildo honetan “ez luke gure errua beharko, Fagor Ederlanen errua da. 1956an jarduera hasi zuen”.
“Bere jardueran ez du atmosferara isuri baino lehen filtrazio bat ere egiten. Berez, filtro horiek egin beharko lirateke, eta dagoeneko 2010eko legalitateak hala adierazten zuen”:
“Las mejoras técnicas disponibles tienen que evitar la emisión a la atmosfera”, baina “Ederlanek ez du inoiz filtratzeko asmorik izan, eta ez du inoiz izango”.
“Denbora pasatu da, 2010a, ez zen ezer egin, eta 2024a iritsi zen eta Europar Batasunetik derrigortasun bat daukagu Fagor Ederlan Uribarriko fundizioko isurketa guztiak filtratzeko”.
“Ezer filtratzen ez denez, badirudi Lakuako Ingurumen Sailak eta ondorioz Espainiar Estatuak, denbora uzten utziko du, hau da, baimenak oraindik daukan bi urteko indarraldiaren denbora”.
“Autonomia Erkidegoak 2024tik lau urteko epea eman zuen araudia bete zedin, 2028ko abenduaren 31n agortuko dena”.
Epealdi horren erdian gaude “eta jarraitzen da isurien filtrazioak egin barik. Beraz, jarraitzen dute legedia bete gabe”.
“Espainiar Estatuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arrasateko Alkatetzari dagozkion funtzio publikoa ez dabiltza betetzen. Udalak hartutako neurriak ez dira oso baliodunak”.
“2024ko araudiak eskuragarri dauden hobekuntza teknikoetaz ere ari da, zein neurketa egin behar diren isurien puntuetan”.
“Ez dira soilik partikula esekiak, aipatzen ditu karbono monoxidoa, azufre dioxidoa, fenoleak, dioxinak, metal astunak”. Herritarrak eskatu du “Udalak legalitatea betetzeko eskatzea, besterik ez”.
Udalbatzarrean ere Maider Morras alkateak erantzun zion “Udalaren eskumena ez dela Fagor Ederlanek botatzen dituen isurien kontrola”.
“Hala ere, legealdi hasieran neurgailu batzuk jarri genituen hiru puntu ezberdinetan, isuri horiek noraino iristen diren jakiteko”.
“Egia da puntualki noizbait atera direla baina bestela izan dira Eusko Jaurlaritzak jarritako tarte horretan”.
“Nik ezin dut baloratu tarte hori ona den edo ez, baina tarte horretan egon badaude”.
“Bestetik, Arrasateko Udala aspaldi dabil konbertsazioetan Fagor Ederlanekin, planta hori beste toki batera eramateko”.
“Eurek hortik joan nahi dute, baita guk ere. Plan Orokorrean daukagun aldaketa urbanistikoetan aukerak eman dizkiogu hortik irteteko lehenbailehen”.
“Lan horretan bagabiltza, eta fundizioa bertatik kentzeko gure esku egon den guztia egin dugu”.
“Orain Ederlanen eskuetan dago bertatik lehenbailehen irtetea. Jakin badakit euren borondatea hori dela”.
“Ez da izango gaurtik biharko, baina uste dut badaukagula konbertsazio nahikoa, eta eurek lekualdaketa egiteko ahalik eta erraztasun gehien emango dizkiogu”.




