EAJ-PNVek Udal-gobernuari: “Non daude Gabonak Arrasaten?”

0
1523

EAJ-PNV adierazi du “kezkatuta” dagoela, “garai berezi” honetan dekoraziorik ez izateak “oso eragin negatiboa izan dezakeelako gure merkatariengan eta ostalariengan, neurri handi batean Gabonetako salmentak oso garrantzizkoak baitira”.

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: EAJ-PNV udal-taldea.

Arrasateko Udaleko EAJ-PNV udal-taldea kezkatuta agertu da Gabonen aurreko egunetan herrian Gabonetako dekoraziorik ez dagoelako. Tradizioz, aurreko urteetan, argiak eta jai-dekorazioa abenduaren hasieran pizten ziren, eta horrek udalerrian jai-giroa eta giro alaia sortzen laguntzen zuen.

“Hala ere, aurten, Gabonetako denboraldira hurbildu garen arren, ez da inolako dekoraziorik jarri Arrasateko kaleetan. Abenduaren erdialderako dago programatuta argiak piztea, eta horrek esan nahi du, abenduko lehen asteetan, udalerriak ez duela gabon jai-girorik” argitu dute jeltzaleek.

“Gabonetako dekorazioak herritarrak poztu eta jai giroa sortzeaz gain, eragin positiboa du tokiko merkataritzan eta ostalaritzan, gure herriko jarduera ekonomikoa bultzatuz. Garai berezi honetan dekoraziorik ez izateak oso eragin negatiboa izan dezake gure merkatariengan eta ostalariengan, neurri handi batean Gabonetako salmentak oso garrantzizkoak baitira eurentzat. Kalte nabarmenak sor ditzake egoera honek herriko saltokietan”.

EAJ-PNV Arrasatek nabarmendu duenez, “badakigu EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernu berriak gabonetako dekoraziorako argi berriak erosi dituela, baina kezkatzen gaitu instalazioa behar baino gehiago atzeratzeak. Egoera horrek Udal Gobernuaren kudeaketa txarra islatzen du, ez baita behar bezala planifikatu Gabonetako dekorazioa Gabonetarako garaiz egongo dela bermatzeko”.

“Arrasateko EAJ-PNVtik, Udal Gobernuari eskatzen diogu Gabonetako dekorazioa jartzeko prozesua bizkortu dezala eta berma dezala Arrasateko herriak jai giroko Eguberri alaiez gozatu ahal izatea” azpimarratu dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen