Durangon aurreneko garaipena bilatuko du AGT Arrasate/Eibarrek

0
92

Testua: Isei Barbero. Argazkia: MB artxiboa.

Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Eibarrekoekin batera taldea partekatuz, Durangori egingo diote bisita.  Asteburu honetakoa denboraldiko bederatzigarren jardunaldia izango da eta, bertan, konbinatu gipuzkoarrak ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko du.  Izan ere, Cuevas eta Delgadoren neskek orain arte jokatutako zazpi partiduak galdu dituzte, halere, iragan asteburuan Mojategin kategoriako lider La Unicaren kontra erakutsitako maila aintzat hartuta, itxaropentsu egoteko arrazoiak egon badaude.  Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:00etan hasita.

AGT Arrasate/Eibarrek aurrean edukiko duen aurkaria egungo bosgarren sailkatua da, jokatutako zazpi partiduetan hiru garaipen eskuratuta.  Urtea goibel xamar amaitu eta gero, urritik hona jokatutako lau partiduetatik AGT Arrasate/Eibarren kontra Mojategin jokatutakoa baino ez zuten irabazi. 2023ari, baina, ondo ekin zion Durangok, jokatutako aurreneko bi partiduak –Gaztedi eta Hernaniren kontrakoak- irabazita.  Iragan asteburuan, ordea, bizkaitarrei berriro ere egokitu zitzaien porrotaren zapore garratza dastatzea, Bera Beraren zelaian 43-10 galdu ostean.

Testuinguru honetan, zapatuko lehiarako Durango faborito gisa heltzen bada ere, Delgado eta Cuevasen neskek baikorrak izateko arrazoiak izan badituzte, orain dela astebete Mojategin ikusitakoa aintzat hartzen badugu.  Neurketa honen ostean beste lau izango ditu aurretik konbinatu gipuzkoarrak, bakarra etxean, datorren astean Gaztedik egingo dion bisitarena, hain justu ere.  Beste hirutan Hernani, Bera Bera eta Uni Bilbori egingo diote bisita.

Kartelera

Kanpanzar Arrasatek atsedenaldia izango du asteburu honetan, baina zapatuan nahi beste errugbi izango da Mojategin, Euskal Selekzioa bertan izango baita. 11:00etatik aurrera 14, 16 eta 18 urtez azpiko neskek entrenamendu saioa burutuko dute bertan. Igandean, aldiz, ART-ko 16 urtez azpikoek Zarautzi egingo diote bisita, goizeko 10etan. Ordu erdi beranduago, 10:30ean, Errugbi Eskolak eta Inklusiboko taldeak asteroko entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen