Dualiak itzulpen lanak egin ditu Afganistandik etorritako errefuxiatuekin

0
679

2021eko abuztuaren 19an, Espainiako estatuak Kabuletik ebakuatutako lehen pertsonak Torrejón de Ardozeko aire-basera iristen hasi ziren, Afganistan talibanen mende erori ondoren. Horietako bost espainiarrak ziren. Gainerakoak, Afganistango errefuxiatuak eta haien familiak dira, urteetan zehar Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritu direnak.

Errefuxiatu horiek guztiak Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren harrera-programan sartuko dira Gurutze Gorriaren bitartez. Eta hor sortzen da lehen arazoa: errefuxiatu horiekin elkar ulertzea. Afganistanen gehien hitz egiten diren hizkuntzak pastuna eta dari persiera dira.

Arrasateko Dualia enpresa, aldi bereko urruneko itzulpen-zerbitzuak eskaintzen dituena, profesionalei zerbitzua eskaintzen die, artatu behar dituzten pertsonen hizkuntza ezagutu dezaten. Gurutze Gorriarekin, Caritasekin, 112 larrialdiekin, hezkuntza eta enplegu sailekin, polizia-bulegoekin eta, batez ere, estatu osoko ospitale eta osasun-zentro gehienetako plantillekin lan egiten dute.

Ez da Dualiak krisi humanitario batean laguntzen duen lehen aldia. Uda honetan itzulpen zerbitzuak eman zituzten Marokotik iritsitako adingabeen krisian edo Kanariar Uharteetara iritsitako errefuxiatu-oldean. Diego Ramirez Dualiako kontseilari delegatuak azaldu digunez, “Gurutze Gorriarekin emigranteei harrera egiteko zerbitzuan lanean gabiltzan denboran, aurretik ere antzeko esperientziak bizitzea egokitu zaigu. Hori dela eta, gure zerbitzuari hizkuntzak gehitu dizkiogu, batez ere Afrikako eta Asiako hizkuntzak”.

Dualiak aurkitu duen arazo nagusia pastun eta dari itzultzaileen falta izan da. Afganistango errefuxiatuak iritsi arte, itzultzaile bakarra zuten, eta, beraz, zerbitzua indartu behar izan dute. Guztira, 10 itzultzailerekin dihardute: “Twitter bidez egin genuen deia, interpreteak eskatuz. Boluntario dezente aurkeztu ziren, baina aukeraketa lana egin behar izan da. Hainbat kolektiborekin lan egiteko gaitasuna duten pertsonak aukeratu ditugu. Horiek guztiak duela urte batzuk Espainiako estatura iritsi ziren emigranteak dira”.

Errefuxiatu afganiarrak estatu espainiarrera iristen hasi zirenetik, Dualiak 200 bat aldiz eman ditu itzulpen-zerbitzuak abuztua eta iraila bitartean. Gurutze Gorriak hasierako harrerarako eskatzeaz gain, autonomia-erkidegoetako zerbitzu soziosanitarioek ere eskatu dituzte. Estatu espainiarrak 815 pertsona hartu ditu orain arte.

Dualia

Garaia Parke Teknologikoan egoitza duen enpresa duela 17 urte sortu zen, eta interpretazio eta itzulpen zerbitzu profesionalak egiten ditu edozein dela tokia, egoera nahiz gailua. 70 hizkuntza baino gehiagotan ematen dute zerbitzua eta 180 interprete inguru dituzte. Dualiak 9.300 arreta ematen ditu hilean, guztira 150.000 minutuko itzulpenarekin. Itzultzaile gehienak hizkuntzaren sorterrikoak dira eta ia guztiak espainiar estatuan bizi dira.

Azken urteetan enpresa nazioartekotze prozesu batean murgildu da. Denboraldi bat daramate Kolonbian lanean eta orain Mexikora eta Txilera zabaltzen ari dira. “Gure zabalkunde naturala Latinoamerikakoa da, gaztelaniatik gainerako hizkuntzetara itzultzen baitugu. Une honetan, gainera, Afganistango errefuxiatuak laguntzen jarraituko dugu, izan ere, hori baita errefuxiatu afganiar askoren helmuga, Hego Amerikako eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuek beren gain hartu baitituzte.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen