Dorletako Ama Txe-ko txirrindulariek Arrasaten izan dute hitzordua

0
442

Testua: Dorletako Ama Txe

Igande goizean Arrasaten ospatutako lasterketetan eman zioten hasiera errepideko denboraldiari Dorletako Ama Txe-ko txirrindulariek. Eguraldi hotz eta euritsupean Markuleteko industrialdean aritu ziren lehian.

Benjamin mailan Maddi Agirretxe, Martin Elorza, Oihan Fernandez, Markel Fernandez, Ekain Garro, Manex Roa, Oihan Torres, Aiert Zurutuza eta Markel Errasti aritu ziren. Txirrindulariak bikain aritu ziren, are gehiago gehienentzat lehen lasterketa zela kontuan izanik. Taldeak harrobi oparoa duela argi ikusi zen.

Alebin mailan Nile Agirretxek, Aratz Aranak eta Oinatz Bailezek parte hartu zuten. Markuleteko ibilbideari lau bira eman ondoren, Nile nesken kategoriako lehen sailkatua izateaz gain sailkapen orokorreko bigarren sailkatua ere izan zen, lehiaketa osoa ihes eginda aritu ondoren. Mutilen kategorian txirrindulariak gogotsu aritu arren, ezin izan zuten lehen postuengatik lehiatu.

Azkenik, infantil mailan bederatzi txirrindularik parte hartu zuten: Katixa Navarrok, Ainhoa Plazak, Markel Diazek, Aimar Etxanizek, Oxel Isazelaiak, Oxel Kortabarriak, Ioritz Madinabeitiak, Aratz Larrañagak eta Unai Oyonek. Ibilbideari sei bira eman ondoren eta eroriko bat edo beste tarteko izanik, nesken kategorian Dorletako bi txirrindulariak izan ziren azkarrenak, Katixa helmugaratu zen lehen postuan eta Ainhoa bigarrenean. Mutilen kategorian Dorletako txirrindulariak oso ongi aritu ziren tropel buruan eta amaierako esprint estuan, Markelek hirugarren helmugaratzea lortu zuen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen