Doluaren inguruko hitzaldia eskaini du San Felipe Elkarlaguntzak

0
1175

San Felipe Elkarlaguntzak eta AmaiDoluak antolatuta, Kulturateko areto nagusian ‘Gabonak etxean norbait falta denean’ hitzaldiaren zazpigarren edizioa izan da. Hizlariak Fernando Ipiña eta Maite Urzain izan dira eta hasieran eta amaieran Olatz Musika Akademiak errezital txiki bat egin du.

Mintzaldian doluari buruz hitzegiteaz gain, mito batzuk desmuntatu dituzte, doluaren faseetan sakondu dute eta kasu batzuetan baliagarriak izan daitezkeen jarraibide batzuk eman dituzte. Hitzaldian zehar, urte hauetan jasotzen joan diren testigantzetako batzuk ere eman dituzte.

Maite Urzain AmaiDoluako kideak azaldu duenez, “etxean dolua bizitzen ari diren pertsonentzat Gabonak iristen direnean kontrazantzuz betetako datak dira. Alde batetik dolu bat bizitzen ari dira, eta bestetik, inguruneak, giroak eta familiak data hauek ospatzera bultzatzen zaituzte. Oso litekeena da dolua bizitzen ari den pertsonak ezer ospatzeko gogorik ez izatea.”

Mitoei buruz Urzainek azpimarratu duenez, “alde batetik, denborak dena sendatzen duela, baina denborarekin, dolua lantzen ez badugu, ez da konponduko. Bestalde, doluak epe jakin bat duela, edo lehen urtea txarrena dela. Batzuentzat ez da horrela. Semea galdu duen ama batentzat, edo suizidio bat izan den dolu oso gogorretan, jende askok esaten dizu lehen urtea ez dela txarrena izan.”

Desmuntatu duten beste mito bat dolua eramateko modu zehatz bat dagoela da, “baina pertsonak desberdinak direnez, dolua ere oso pertsonala da. Heriotzak desberdinak dira, bakoitzak gure nortasuna dugu,… Bizitzan zehar izaten ditugun doluak ere desberdinak izan daitezke, eta horiei aurre egiteko modu oso desberdina dugu. Horregatik, kanpotik iristen zaizkigun mezuek batzuetan ez dute laguntzen.”

Hitzaldiaren amaieran, doluari aurre egiteko jarraibideak ere eman dituzte. “Garrantzitsua da erritmoa jaistea. Hautazkoa dela data jakin batzuk ospatzea edo ez, bakoitzak erabaki behar du. Baina Gabonak ospatzera animatzen direnek Gabonak ospatzera animatzen ditugu, bakoitzaren neurrira egindako Gabonak. Nahi duzuna eta nahi ez duzuna aztertzeko modu bat da, edo on egiten dizuna eta ez dizuna.”
Azaldu duenez, “agian Santamasen eguerdian sartzea ez da ideia ona izango. Kasu bakoitzean nola sentituko garen aurreikusiz aurreratu behar dugu, eta parte hartuko dugun ala ez baloratu. ” Familiarekin edo lagunekin hitz egitea ere gomendatu du, bilera txiki bat eginez eta elkarrekin jaiak nola ospatu erabakiz.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen