Testua: Isei Barbero.
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu dute asteburu honetan, zapatuan Altamiran, Atletiko San Sebastian/Hernani 17-26 menden hartuta. Sarrailagileak, ordiziarrekin batera, atzetik hasi ziren markagailuan baina, atsedenaldira joan aurretik, emaitza irauli eta azkenean nagusitu ziren.
Partidua ez zen ondo hasi etxekoentzat, Atletiko San Sebastian/Hernanik eman baitzuen aurreneko kolpea, entsegua eta transformazioa eginda (0-7). Barrutiaren mutilak, baina, etziren kikildu, eta markagailua berriro ere orekatu ostean (7-7), atsedenaldira joan aurretik beste bi entsegu lortu zituzten, bakarrean transformazioa gauzatuta. Honenbestez, 19-7koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Etxekoek itxura ona eskaini zuten zapatuko lehian, meleetan nagusituz eta plakaketetan ere fin ibiliz. Bigarren zatian, baina, indarrak zertxobait orekatu ziren eta, horren adierazgarri, partidua amaitu bitartean egon ziren beste hiru entseguetatik bakarra Kanpanzar Arrasate/Ordiziarena izan zela. Etxekoek etzuten kale egin transformazioan; bisitariek, aitzitik, etziren gai izan baloia zutoinen artera bidaltzeko.
Honenbestez, partidua amaieran 26-17 Kanpanzar Arrasate/Ordiziaren alde eta, azkenean, markagailuan islatu da Barrutiaren mutilek azken norgehiagoketan jokoan erakutsitako hobekuntza. Hurrengo asteburuan sarrailagileek eta goierritarrek aurrenekoz etxetik kanpo jokatuko dute, Gernikari egingo baitiote aurre Urbietan. Ea bolada onak jarraipena duen Bizkaia aldean.