Del Val taldeak bere laugarren singlea argitaratu du, “Eskuzabalak”, LP berria den “Duda-Muda Karrusel Geldiezina“ aurkezteko. Bikoteak unibertso musikal propioa sortu du, tresna akustiko eta elektronikoen arteko konbinazio zainduaren bidez. Emaitzak paisaia organiko eta sintetikoen arteko bidai sonoro hipnotiko bat eskaintzen du.
Taldeak kanta honen bideoklipa aurkezten du, Maite Artajo Sánchez iruindarraren zuzendaritzapean sortua. Berak gidatu ditu, gainera, lan honi lotutako argazki saioak ere. Etapa berri honetan, Del Val bikote gisa finkatzen da, Marta Ugarte arrasatearraren ekarpenari esker. Jon Garcia del Val da ahotsa, gitarra eta sintetizadoreen arduraduna, eta bitartean, Martak ñabardura eta testura berriak ematen dizkio taldeari bateriaren bidez. Gainera, kantak Sara Alonso-ren laguntza berezia dauka ahotsetan.
Estetikoki, “Eskuzabalak” modu minimalistan hasten da, piano akustiko ia biluzi baten laguntzaz, eta pixkanaka pop estilorantz eboluzionatzen du. Azken zatian, perkusio elektroniko sendoekin hausten da, abestiari ukitu fresko eta garaikidea emanez.
Letra Joxean Artzeren poema batean oinarritzen da, eta gizakiak planetarekin duen jokabide arbuiagarria salatzen du, zaindu ordez, pixkanaka suntsituz.
Disko fisikoa jada eskuragarri dago sare sozialetan eta kontzertuetan, Helena Azkarragaurizaren diseinu zainduarekin. Bikotea Euskal Herrian zehar arituko da aurkezpen-kontzertuetan, bere unibertso musikal berria zuzenean publikoarengana eramanez.



