Argazkiak: Ernai Debagoiena.
Debagoieneko ehunka gazte bildu ginen larunbatean Oñatin. Dena aldatzen ari garela azpimarratu izan dugu azken asteetan, asteburuan ere argi geratu da horretan jarraitzeko gaztetasuna, indarra eta ilusioa soberan ditugula eskualdeko gazteok.

Hamarkadetako borrokaren biziraupenaren froga da Ernai. Milaka gazterentzat eskola, askapen mugimenduan lehen pausuak emateko abiapuntua. Ernai da, txanda bat gaztetxean, lehen udaberriko ekimena, dantza, barreak eta lana. Konpromisoa, utopia, herria eta lagunak. Borobilean eseri, koadernoa zabaldu eta mundu berri baten koordenadak idaztean sentitzen dugun hori. Finean, bizitzeko modu bat.

Asteburu hau kosta egingo zaigu ahaztea, hausnartu, ikasi, saretu eta gozatzeko aukera eman dizkiguten egunak izan dira. Eskualdeko Ernaitik doakizuela eskerrik beroenak hitzaldi, bazkari eta kontzertuetara gerturatutako gazte guztioi, baita Oñatiko herriari ere.

Beste behin ere auzolanean gauza handiak lortu daitezkeela frogatu dugu, hori, egunerokoan Ernai osatzen dugun gazteon lan militanteari esker da posible. Eskerrik asko eta zorionak ekimenean lanean aritu diren ia 100 txandalariei!

Debagoienetik dena aldatzen ari gara, eta horretan jarraituko dugu Elorrioko Gazte Topagunean. Gazterik zapalduta biziko ez den Euskal Herri aske, sozialista eta feminista lortzera goaz!

