Debagoienako Berbalagunak egitasmoak izena emateko epea ireki du

0
347

Zurekin euskaraz egin nahi dugu! 

Testua: Debagoienako Berbalagunak.

Asko dira euskaraz aritu nahi eta aukerarik ez dutenak inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Zenbaitek, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dutelako, beste batzuk ikasitakoa galdu dutelako… eta guztiek Berbalagunean aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera. Laguntasuna eta babesa transmititzen da Mintzapraktikan eta euskaraz hitz egiteko konfiantza eskuratzen joaten da.

Bestalde, euskaltzale asko dago bere herrian euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak zabaltzen lagundu nahi duena. Eta Berbalagunean parte hartuz eragiten dute horretan.

Hau dela eta, Berbalaguna ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek.

Mintzapraktika Euskal Herria osoan zehar oso hedatuta dagon euskararen erabilera bultzatzeko programa bat da. Gaur egun Euskal Herrian 7000 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute, eta Debagoienean aritzen diren parte-hartzaile kopurua ere ez da makala. Debagoienean ez dira euskara elkarteak mintzapraktikaz arduratzen diren bakarrak, herri bakoitzak bere funtzionamendua du. Momentu honetan Debagoienean, Arrasate, Elgeta, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Bergarako dinamizatzaileak elkartzen gara, gure arduren, aurrera begirakoen, ekintza berrien,…-en inguruan aritzeko.

Mintzapraktikan pertsonen arteko harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz. Taldean elkarrekin aritzen dira eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute,  hizkuntza hautuetan eraginez. 

Asko dira Mintzapraktikan hasi eta gaur egun beraien lagunekin, familiakoekin, lankideekin euskaraz aritzen direnak. Euskaldun izateaz harro sentitzen direnak. Horrela ari dira, herriz-herri, euskaraz aritzeko espazioak eta aukerak irabazten.  

Gaur egun, berbalagun egitasmoek herriz-herri egiten dugun lanari esker, euskal hiztunak ugaritzen joan dira, harreman sare berriak sortuz. Arrazoi honengatik, ikasturtean zehar ere eskualdeko dinamizatzaileak gure artean elkartu eta eskualde mailako ekintza eta irteera bateratuak antolatzen ditugu (tribialak, erronkak, kultur irteerak…).

Baina berbalagunen harreman sarea ez da soilik elkarrekin euskaraz hitz egiteko tartea, baizik eta esperientziaz, bizipenez eta emozioez osoturiko mundu zabal bat. Denek dute helburu amankomun bat, aisialdian euskaraz gozatzea, baina denborak aurrera egin ahala hizkuntzaz haratago doazen beste emozio eta bizipen batzuekin egiten dute topo mintzalagunek. Parte hartzaileek aitortzen dutenez, lotsa galtzeaz bat gehiago erabiltzen hasten direla.

Ohiko mintzapraktika saioez gain (astean behin elkartzen dira talde txikitan ordubetez euskaraz aritzeko) beste aldaera batzuk ere martxan jartzen saiatzen gara, besteak beste, hikalagun, gurasolagun, irakurketa saioak, berbalagun ibiltaria…

Bestalde, eskualdeko irteera bateratuak antolatzeaz gain, herri bakoitzak bere ekintza propioak ere antolatzen ditu (hitzaldiak, bisita gidatuak, irakurketa saioak…). Euskal Herri mailan ere ekainean berbalagun guztiak batzen duen jaia antolatzen da Mintza eguna.

Aurten, antolatuko ditugun irteera batzuk aipatzearren hauek aipatuko nituzke: Dolmenen ibilbidea, flish-ak ikustera…

Parte hartzaile batzuk asteko dinamikara mugatzen dira beste batzuk ordea, asteko dinamikaz gain, antolatutako ekintza ezberdinetan (irakurketa saioak, irteerak, lehiaketak…) parte hartzen dute. Guzti honen helburua euskarak gune berriak irabazteaz gain, euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatzea izanik.

Hauxe da Mintzapraktikaren mundua. Ireki atea eta praktikatu gurekin, talde giro hurbilean. Zurekin euskaraz egin nahi dugu! Probatu ez duenak ez baitaki zer den hau!!!

Izen ematea zabalik

Jadanik zabalik da aurtengo ikasturtean Mintzapraktikan izena emateko epea. Parte hartzeko hainbat aukera eta modu daude, ezagutu itzazu!  

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen