“COVID-19aren ondorioz heriotzaren inguruko prozesua luzatu zaigu”

0
1487

Oso hurbileko senide bat hil zaion arrasatear batekin izan gara. COVID-19aren inguruko alarma egoerak “asko mugatu gaitu”, eta bidenabar terrazetara, hondartzetara,… doazen “pertsonei eskatu nahiko genieke zentzuz joka dezatela”.

Ezer baino lehen Mondraberrik eskerrak ematen dizkio elkarrizketatuari une zail hauetan galderei erantzuteagatik.

Bere oso hurbileko senide batek “bizitzako azken bi asteak etxean eman zituen, eta ondorioz bera agurtzeko aukera izan genuen gertu-gertuko familiak”.

Hala ere, segurtasu-neurrien ondorioz “tanatorioan esaterako etorri zitzaizkigun pertsonak nahi baino denbora laburragoa egon ahal izan ziren bertan”.

Agur egiteko ere hilerrira igo ziren, baina aste honetako asteartera arte ezin izan diote hileta-elizkizuna egin, COVID-19aren ondorioz. “Berak 85 urte zituen, eta elizkizuna egitea nahi izan zuen. Elizara ere nahi zutenek baino pertsona gutxiago sartu ziren”.

Zentzu horretan, “bera gasteiztarra izanik, bere gertu-gertuko familia etorri ahal izan den arren, beste senide ugarik ez dute aukera hori izan. Egoerak asko mugatu gaitu”.

Une zail hauetan “pertsona batzuek babes handia eman digute, laguntzeko beti prest izan dira, eta hori nabari da, laguntzen zaitu”.

Heriotzaren inguruko prozesu hau “igarotzea nahi duzu, baina koronabirusaren ondorioz, prozesua luzatzen ari da, adibidez pertsona ugari etorriko zaizkigulako, asmo onez izan arren”.

Halako prozesuetan doluaren kudeaketa oso garrantzitsua da. “Doluaren inguruko ikastaroak egin izan ditut, eta egoera batzuetan badakizu zer egin, adibidez haurrekin nola jokatu. Gainera, psikologoarekin apur bat egon gara”.

Bien bitartean, hainbat terrazetan, hondartzetan,… jende pilaketak izaten ari dira. “Pertsonei zentzuz jokatzea eskatu nahiko genieke, arauak errespetatzeko. Orokorrean, arauak errespetatzen dituzten herritarrak ere egon badaude”.

“Egia da ere herritar askok ez daukatela zein arau bete behar diren. Adibidez alaba eta biok tanatoriotik etxera maskarak jantzita etorri ginen, baina gero etxe barruan, elkarrekin egotean ere, ez dugu maskararik erabiltzen. Uste dut orokorrean desinformazioa dagoela”.

Era berean, paradoxikoa dirudien arren, “koronabirusaren inguruko informazio pilo bat dago, eta badirudi munduan ez dagoela bestelako gaixotasun edo arazorik”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen