‘Burgoseko Prozesua. Frankismoari epaiketa’ erakusketa gaurtik ikusgai dago Arrasaten

0
401


1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoa, garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten ditu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean.


Burgoseko Prozesuaren 50. urteurrenean, erakusketa bat antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin elkarlanean gertaera historiko haren testuingurua ezagutzera eman eta azaldu asmoz, baita Euskadiren hurbileko historian izan zuen eragina ere. 1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa egitasmoa, garaiko 173 dokumentu eta testigantza erakusten dituena, Arrasaten izango da ikusgai, UPV/EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria eraikinean inauguratu ondoren.
Arrasateko Kulturaten ezarri dute erakusketa eta otsailaren 18tik aurrera, osteguna, zabalduko zaie herritarrei, udaleko eta Aldundiko ordezkarien partaidetzarekin. Bertan izan dira, besteak beste, Eider Mendoza Diputatua, Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendaria eta Maria Ubarretxena alkatea. Baita Udaleko Bizikidetza Batzordeko kideak ere. Mendozak nabarmendu duenez, azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria “beharrezko balioa” da “kultura benetan demokratikoa” eraikitzeko, “elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan” oinarrituta egongo dena eta “iraganeko akatsetan” erortzea eragotziko duena.


Mendozak jakinarazi du, gainera, Burgoseko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlarien artean “izendatzaile komun” bat badago, “epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia” da. “Gizarte-mobilizazioa arrakasta bat izan zen frankismoaren aurkakoentzat, erregimenaren aurkako desadostasuna zabaltzen lagundu baitzuen eta orduko agintariei erakutsi baitzien ezinezkoa zela protesta haiek itzaltzea. Era berean, kasuak izandako oihartzun mediatikoa zela eta, frankismoari berari egindako prozesu moduko bat bilakatu zen, eta euskal gaia munduari ezagutarazi zion “, azaldu du.

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du  “2016. urtean, Arrasateko Udalak, bertan ordezkaritza duten alderdien arteko elkarlana eta kontsentsuari esker, memoria eta bizikidetza jorratzeko bidea abian jarri zuen. Elkarlan honi esker eta alderdien artean lorturiko oinarrizko kontsentsuei esker Intxorta elkarteak eta Argituz elkarteak egindako memoria lanak gauzatu ziren. Horien bitartez, 1936-2018 garaian, Arrasaten izandako edo herritarrek pairaturiko giza eskubideen urraketak jasoak izan dira”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen