Bizikidetza sustatzeko Munduko Arrozak ospatuko da, birtualki

0
620

Uztailaren 22an ospatuko da Munduko Arrozen Eguna, eta herritarrek bidalitako arroz plateren argazkiez osatutako bideo bateratua egingo da aurten, ospakizun presentzialen ordez.

Bideoa: Antolatzaileak.

Uztailaren 22an ospatuko da Munduko Arrozak ekimena Arrasaten, birtualki. Herriko biztanleen jatorrizko kultura ikusarazi eta gizarteratzea da helburua, elkarrekiko erlazioak eta integrazioa normaltasunez sustatzeko. “Espazioak konpartituz, elkarbizitza bultzatu eta gure herriko kultura anitzen aberastasuna aitortu eta gozatzeko ekimena da”, adierazi dute antolatzaileek.

Aurtengo egoerara moldatuz, birtualki ospatuko da eguna. Herritarrei beraien kulturan arroza duen ohiko plater bat sukaldatzeko eta ondoren argazki bat (horizontalean) bidaltzeko deia egin zaie. Whatsapp bidez bidali behar dira irudiak 658 74 97 55 zenbakira. Nahi izanez gero, bizikidetza positiboa adierazten duten aldarri edo hitz esanguratsuekin izendatu daitezke prestatutako platerak. Irudiekin bideo bat egingo da eta sare sozialetan eta komunikabideetan elkarbanatuko da. Argazkiak bidaltzeko azken eguna uztailaren 13a izango da.

Bizi dugun osasun krisialdiaren hausnarketa sakona egin dute Arrasateko Udaleko Aniztasun Sailak, Ekin, IMME eta AMS elkarteek eta SOS eta Gurutze Gorriak, eta Munduko Arrozak ekimena egoera honetan hausnartutakoa herritarrekin partekatzeko aukera bat dela diote: “elkartasuna, kooperazioa eta elkarlana areagotu direla ikusita, garai honetako hausnarketak ikusarazi eta herritarrekin partekatzea da helburua, betiere, herritarron arteko bizikidetza positiboa azpimarratuz, Arrasateko kulturaniztasuna balioan jarriz eta elkarrenganako aitortza eginez”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen