Bi musika-taldetako kide baten eraso eta jarrera matxistak salatuko dira bilkuran

0
4618

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: Arrasateko Mugimendu Feminista.

Azken egunetan Arrasateko bi musika taldetako kide bat kanporatua izan dela jakin dugu eraso eta jarrera matxistak direla medio. Honekin lotuta, Arrasateko Mugimendu Feministako kideok argi dugu non kokatu behar garen. Beti egongo gara edozein motatako erasoak jasan dituzten emakumeen* alboan: guk sinisten zaituztegu.

Eta behin eta berriz esango dugu indarkeria matxista mota guztien aurrean, erasoei garrantzia kendu edo txikitzeko saiakeren aurrean, gure hitza, irizpidea edota pertzepzioa zalantzan jartzen dutenen aurrean. Guk sinisten zaituztegu. Hori baita gero eta emakume* gehiagok eskaintzen dugun konplizitatea, ahizpatasuna, laguntza eta eustea beste emakume* batek indarkeria matxistarekin lotutako egoera bat kontatzen digunean.

Jakin badakigu egoera hauek ez direla kasu isolatuak, baizik eta sistema zisheteropatriarkalaren ondorio zuzenak. Indarkeria matxistak, beraz, hamaika aurpegi ditu eta aurpegi guztiak argitara atera behar dira: izendatu, izaera eman eta aurre egin. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko, benetako neurriak eta konpromisoak hartzea dagokigu guztioi. Bakoitzari dagokion lekutik, noski. Askotariko erasoen aurrean erantzukizunak hartu eta posizionatzea guztion ardura baita. Izan ere, erasoen aurkako jarrerak, irmoa behar du izan, nahi eta nahi ez.

Guk argi daukagu; eraso matxisten aurrean autodefentsa feminista da bide bakarra. Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako; defentsa, legitimitate osoa dugulako eraso ororen aurrean erantzuteko; eta feminista, errora jotzen dugulako harreman eredu berriak sortzeko.

Segi dezagun aliantzak eraikitzen, batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat sortzera bidean.

Horregatik, martxoaren 29an, zapatua, elkarretaratzea egingo dugu Herriko Plazan arratsaldeko 18:30ean.

Erasoen aurrean autodefentsa feminista!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen