Beatriz Arzamendi, SGAE Fundazioaren eta AEOS elkartearen Obra Sinfonikoak Sortzeko programara hautatutako musikagileen artean

0
780

Enkarguz obra sinfonikoak sortzeko pizgarriak emateko ebaluazio-batzordeak argitara eman du 2021ean ekimen honetan parte hartuko duten 6 konpositoren izen-abizenak, SGAE Fundazioaren Musika Sortzeko Pizgarrien Programa Orokorraren barruan. Horien artean izango dira Beatriz Arzamendi arrasatearra eta Gabriel Erkoreka bilbotarra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak proposatuta, hurrenez hurren.  

SGAE Fundazioak beste urtebetez berritu du Orkestra Sinfonikoen Espainiako Elkartearekin (AEOS) egindako akordioa pizgarri hauek bideratzeko, Estatu mailako orkestrek egindako enkarguei esker errepertorio sinfoniko garaikidea handitzeko asmoz. Aukeratutako beste lau konpositoreak hauek dira: Sergio Blardony, Extremadurako Orkestrak proposatuta; Marisa Manchado Torres, Madrilgo Erkidegoko Orkestra eta Koruak proposatuta; Maria Cristina Pascual Noguerol, RTVEko Orkestra Sinfonikoak eta Koruak proposatuta; eta, Jesus Torres, Asturiasko Printzerriko Orkestra Sinfonikoak proposatuta.  

Batzordearen buru Jose de Eusebio musikagile eta zuzendaria izan da, SGAEko Zuzendaritza Batzordearen ordezkari gisa, alegia. Bestalde, honako hauek ere parte-hartu dute bertan: Francesca Galofré Mora, Dinsic Publicacions Musicals S.L. argitaletxearen ordezkari gisa; Jose Maria Moreno Valiente zuzendaria; Carlota Neris Gonzalez musikologo eta kultur kudeatzailea; eta Joseba Torre Alonso musikagilea.  

Gure egileei buruz

Juan Arzamendi Emparanza maisu zenaren alaba, Beatriz Arzamendik (Arrasate, 1961) biolina ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Bertan, Konposizioko Goi Mailako Irakasle (Ohorezko Aipamena), Orkestrako Zuzendaritza, Abesbatzako Zuzendaritza eta Biolin, Solfeo, Musikaren Teoria, Transposizio eta Laguntzailetza tituluak lortu zituen. Madrilgo Erkidegoko Musika Aholkularitzan lan egin du, 2010ean Kanaleko Antzokietako Musikaren sailean sartu zen arte. Bertan dihardu koordinatzaile gisa.  

Musikako Emakumeak Elkarteko lehendakariordea izan da 2010etik 2014ra, eta AC/e (Acción Cultura Española) erakundeko Musikako aholkularia Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programan, 2014an eta 2015ean. Konpositore gisa, bere katalogoak ehun obra baino gehiago biltzen ditu: orkestra sinfonikorako konposizioak, ganbera-musika, soinu-bandak, musika korala, elektroakustikoa eta orkestrarako eta hainbat ganbera-talderentzako moldaketa anitzak, besteak beste, bere aitak 1977an sortutako Arrasate Musikal Orkestra Sinfonikoarentzat.  

Gabriel Erkorekak (Bilbo, 1969) Juan Cordero eta Carmelo Bernaolarekin ikasi zuen Juan Crisostomo de Arriaga Goi Mailako Kontserbatorioan eta Jesus Guridi Goi Mailako Musika Eskolan, eta ohorezko sariak lortu zituen Konposizio, Piano eta Ganbera Musikan. 1995ean Londresko Royal Academy of Music delakoan sartu zen, non konposizioko graduondoko ikasketak egin zituen Michael Finnissyrekin, RAM Bikaintasun Diploma eta Londresko Unibertsitateko masterra lortuz.

Pianista eta konpositore gisa, Bilboko Elkarte Filarmonikoan, Madrilgo Reina Sofia Arte Zentroan, Gasteizko Guridi Antzokian, Duke ‘s Hallen edo Londresko Cervantes Institutuan eman ditu kontzertuak. Bernaola Hirukotearen sortzailea eta KANTAK taldearen konpositore elkartua da. 2001ean Royal Academy of Music delakoaren ohorezko kide izendatu zuten, non orkestrazio eskolak eman zituen. Halaber, Madrilen, Londresen, Chicagon edo Manchesterren hitzaldiak eman ditu, eta, gaur egun, konposizio-irakasle dugu MUSIKENE-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan.  

Pizgarriei dagokienez

SGAE Fundazioak, AEOSekin lankidetzan, urtero 6 obra sinfoniko sortzea bultzatzen du enkarguz. AEOS elkarteaen ardura da bere orkestra kideek egindako proposamenak biltzea, SGAE Fundazioari oro har helarazteko adostutako data bat baino lehen. Obra enkargu baterako hautagai den egile bakoitzak SGAEren bazkide izan behar du eta orkestra integratuetako batek proposatu behar du. Orkestra bakoitzak gehienez 2 proposamen aurkez ditzake deialdi bakoitzean, eta programak Espainiako 30 orkestra baino gehiago ditu elkartuta.  

Aukeratutako konpositoreek 2021eko abenduaren 15era arte izango dute lanak SGAE Fundazioari entregatzeko aukera. Argitaratu gabea izan behar du, inoiz ez jendaurrean ez pribatuan aurkeztua, eta gutxienez 12 minutuko iraupena izan behar du. Enkarguz obra sinfonikoak sortzeko pizgarri bakoitzerako diru-zuzkidura 6.000 eurokoa da. SGAE Fundazioak guztira 124.500 euro bideratzen ditu programa horretara.  

2006an sortu zenetik, SGAE Fundazioa eta AEOS elkartearen Musika-Sorkuntzarako Pizgarrien Programak enkarguz 125 obra baino gehiago egitea ahalbidetu du eta Estatu osoko orkestren errepertorioetan sartu dira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen