Bea Arregi arrasatearrak bakarkako lehen erakusketa irekiko du

0
1424

Arrasate Margo Taldean trebatua, pintura akrilikoz egindako lanak ikusgai jarriko ditu Aretxabaletako Arkupen apirilaren 8an.

Margoa: Bea Arregi-Arkupe / Argazkia: MB artxiboa.

Bea Arregi arrasatearrak azaldu izan du “betidanik izan dudala margoa, artisautza eta eskulanekiko interesa”.

Ildo honetan, “1995-96 urte inguruan Bingen de Pedrorekin egon nintzen margotzen Arrasateko Kutxa Fundazioaren Gizarte eta Familia Zentroan”.

Horren ostean, “Arrasate Margo Taldeko partaide bilakatu nintzen, hasieran Luis Laskurainekin eta gero Rikardo Azkargortarekin”.

Bere margolanak egiteko “hasieran olioak erabiltzen banituen ere, gaur egun pintura akrilikoarekin aritzen naiz, gai anitzen inguruan eta modu errealistan”.

Horretarako oinarritu egiten da “nire ibilaldi eta oporretan natura, paisaia eta herriak aztertuz ateratzen ditudan argazkietan”.

Taldean erakusketa askotan parte hartu izan du eta “oraingo hau da bakarka egiten dudan lehena”.

Erakusketa Aretxabaletako Arkupe kultur etxean izango da, bertako erakusketa aretoan, apirilaren 8tik 30era.

Bertako ordutegia: astelehenetik egubakoitzera 11:00-13:00 / 18:00-20:00 eta zapatuetan 11:00-13:00. Zorionak Bea!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen