Covid-19ak guztion bizia hankaz gora jarri duen garai honetan, gure egunerokotasuna aldatzeko premia iritsi zaigu, bai pertsonoi, zein osasun, zaintza, garbiketa, hezkuntza, eta bestelako lan alorrei dagokionean. Honen harira, proiektu eta ekimen ugari jarri dira martxan, hainbaten sormen trebezia azalaraziz.
Testua eta argazkiak: Bastida Akademia.
Gure bailarako formakuntzari dagokionez, Bastida Akademia dugu erreferentzi-zentrotzat. Beraz, krisialdi hau nola daramaten jakinminez agertu gara.
Ikasleen %80a teleformakuntzan
Coronavirusak eragindako alarma egoera iristerako, akademian 357 ikasle zebiltzan jardunean, horietatik 25 teleformakuntzan, kurtso ezberdinez gozatzen: diseinu grafikoa, asistentzia soziosanitarioa, hizkuntzak, elektrizitatea, ingeniaritza ikasketetako laguntza, eta abar. Lan zentroen itxieraren aurreikuspenak eta irakasleen elkarlanak, egun 286 pertsonek bere ikasketak jarraitzea posible egin dute, teleformakuntzari esker. Hau da, ikasleen %80ak dihardu kurtso hauetan trebatzen.
Hasteko, ikasleen arteko egoera sozio-ekonomiko ezberdinez jabeturik, garai berezi honetan ikasketak ahalbidetzeko beharrezkoa duten materiala bermatzea ezinbestekotzat jo dute. Horretarako, hainbat etxetan ordenagailu eramangarriak, internet konexioak eta disko gogorrak eskuragarri jarri dituzte.
Irakasleei dagokienez, etxetik lan egiteko eta jatorrizko plangintza irakasgai birtualera egokitzeko egindako lana miresgarria izan dela azpimarratu nahi lukete.
Bestalde, ikasleak egoera berri honetara moldatzeko azaldu duten ahalegina aipatu beharra dago. Dudarik gabe, hauen ikasteko irrika eta egokitzeko ahalmena funtsezko oinarriak izan dira proiektu hau aurrera eramateko.

Etorkizunari begira
Aurrerantzean, egoera latz honek eragindako buruhausteak datozen ezbeharrei aurre egiteko baliabideak emango dizkigu. Areago, gizartean behar berriak sortu diren eta aurrerapen teknologikoa nagusi den aro honetan, teleformakuntza trebatzea aukera oparoa izan liteke. Horratik, Bastida Akademiak eskaintza zabala argitaratu du, ikastaro presentzialen plangintza teleformakuntzara egokituta.