Baserria XXI artile bilketa “bidezkoa eta artzaiekin erabakia” izateko, Interneten sinadurak biltzen dabil

0
663

Change.org plataforman ere aldarrikatzen dihardu “beste lanbideetan gertatzen den bezala, Mankomunitateek beren ardurak hartzea eta artilea ez suposatzea beste gain-kostu bat artzainontzat”.

Argazkia: MB artxiboa.

Azken urteotan artilea pasatu da balorea zuen lehengaia izatetik hondakina izatera; sandach-3 kategoriatakoa, hain zuzen ere. Kategoria horretan, sartzen dira, artilearekin batera, adarrak, apatxak, odola… Beti ere, gaixotasunik ez daukaten animalienak. Han eta hemen sortu dira artilea erabiltzeko proiektuak, baina gaur egun, ez dago irtenbiderik Gipuzkoan dagoen artilea modu duinean hartuko duena. Mendeetan artilearekin bizi izan gara, jan izan ezin, denetarik egin dugu –eraikinak babestu, lo egin, jantzi…–.

Baina baten batek erabaki zuen arriskutsua zela, eta orduan arazo bilakatu. Alde batetik, baliorik ez duen hondakin bilakatzen da. Bestaldetik, hondakinen sailkapenean, sandach-3 izateak behartzen du araudiak ezartzen dituen tratamenduetara bideratzea.

Lehen Mankomunitateek hartzen zuten beren gain horren guztiaren kudeaketa, Landa Garapenerako Bulegoekin batera, baina artilea hondakina zela eta, uko egin zioten artilearen bilketaren ardurari. Iaz, Foru Aldundiak 59.000€ inguruko aurrekontua bideratu zuen artilea bildu, eta Artaxoako ECOFERT S.L. enpresara eraman eta konpostatzeko. Aurten, aurrekontua murriztu da 17.000 eurora.

Antza, 2020ko hasieran hasi ziren aurtengo artilearen gaia lantzen, eta aurreko asteotan hartu dira artzainoi zuzen-zuzenean eragiten diguten erabakiak. Dirudienez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, ENBA eta EHNE Gipuzkoa sindikatuek, ABELUR eta LURGINTZA gestio-etxeek eta artzain elkarteek adostu egin dute aurtengo artile-bilketa; eta horren antolaketaren ardura hartu duten euren gain Landaolak, Lurgintzak eta Abelurrek.

Artzainoi gutun bidez heldu zaigu erabakiaren berri, pasa den astean. Arestian aipatutako erakundeek, artzainokin kontatu gabe, erabaki dute bilketa eta garraioaren kostea, neurri handi batean, geratuko direla artzainon gainean. Horretarako, Foru Aldundiaren jarraibideak aintzat hartuta prestatu da aurrekontua, eta kalkulatu artaldearen tamainaren araberako prezioa, ez, ordea, eramandako artile kilo kopuruaren araberakoa. Gauzak horrela, 250 buruko artaldea duenak ordaindu beharko ditu 133,10 €. Ordaintzeaz gain, dagokion gunera artilea eraman eta bertan hustu beharko du. Iaz, baserrietara joaten zen kamioi bat artilea jasotzera, eta 26 € ordaindu zituenek aurten 108,90 € ordaindu beharko ditu.

Beste herrialdetan, artilea jasotzen da mankomunitateetako garbiguneetan edota horretarako prestatutako pabiloietan, eta ez zaie ezer kobratzen artzainei. Beste lan batzuetan sortzen diren hondakinak –igeltsero lan txikiak, adibidez–, hondakinak garbiguneetan husten dira, inongo arazorik gabe eta profesional horrentzat aparteko kosturik gabe, ulertzen baita, bere jarduera profesionala dela eta ordaintzen dituen zergen barne geratzen dela hondakin horien kudeaketa.

Baserritarron kasuan ez da horrela gertatzen, gurea beti da aparteko arazo bat, eta askotan geratzen da gure bizkar gainean. Hori bai, gure “hobe beharrez” eta “laguntzeko asmotan” asko ibiltzen dira, baina gurekin kontatu gabe, gurekin hitz egin gabe. Eta bitxia da oso prozesu horretan zeintzuk izan diren ikusita: nekazarion sindikatuak, artzain-elkarteak, baserritarrek osatutako gestio kooperatiba eta elkarteak. Ez da kontu erraza artilearen afera, eta batzuk benetan nahi eta ezin ibiliko dira . Baina zer gertatu da mahai horren bueltan horiek guztiek, gure interesak defenditzen dutenek, artzainokin prozesu hori ez kontrastatzeko?

Hau sinatzen dugunok zera eskatzen dugu: artileari erabilpen duina ematea eta artzainon iritzia eta errealitatea kontuan izatea. Horretaz gain, eskatzen dugu beste lanbideetan gertatzen den bezala, Mankomunitateek beren ardurak hartzea eta artilea ez suposatzea beste gain-kostu bat artzainontzat.

Eskaera sinatzeko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen