Ongizate zinegotziek azpimarratu dute “bakardadea gai kolektiboa” dela, eta beraz “komunitatearen mobilizazioa” eskatu dute. Horretarako dekalogoa etxez etxe banatuko dute herrikideek “tresna arin eta erabilgarri bat” erabiltzeko.
Argazkia: Udala.
Mankomunitatea osatzen duten udalek ‘Debagoiena Ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatu’ proiektuaren dekalogoa aurkeztu dute.
Horretaz arduratu dira Ongizate zinegotziak gaur herritarrei zuzenduta, kontsultatu hemen dekalogoa
Proiektu hau Hariak Estrategiaren I. Ekintza Planaren (2022-2027) baitakoa da, “eskualdeko herrien erronka eta ardurez jabetuta indarrak batzeko helburuarekin”.
Jasone Giraldo Menendez Arrasateko Ongizate zinegotizak azaldu du “helburua bakardadeei aurre egiteko ekosistema bat eraikitzea dela, eragileen koordinazioa ahalbidetuz”.
“Bakardadea ez da adin kontua edo arazo indibiduala; esperientzia pertsonal baina unibertsala da, eta gizarte osoaren ardura da”.
Hala “bakardadea prebenitu eta arindu egin daiteke, baldin eta komunitatea mobilizatzen bada eta elkar zaintza aktibatzen bada”.
Dekalogoa etxez etxe banatuko da Arrasaten eta Debagoieneko gainontzeko herrietan, eta gidak 10 gomendio partekatzen ditu:
- Hasieratik hasi: Bizikidetza-arauak berreskuratu eta sustatu, agurtuz eta atsegina izanez
- Inguruko pertsonei begira egon: Bizilagunak nola dauden galdetu eta elkar ezagutzen lagundu
- Dauzkagun harremanak hobetu: Aurreiritziak alde batera utzi eta taldeak edo kuadrillak ireki
- Laguntza praktikoa eskaini: Erosketekin, mediku-kontsultekin edo tramiteekin lagundu
- Besteei entzun: Irtenbide azkarrak eman gabe, besteei adierazten utzi eta ulertzen saiatu
- Elkarri laguntzeko harremanak sustatu: Boluntario gisa jardun edo laguntza eskatu
- Zaurgarritasunaren estigma apurtu: Behar duguna normalizatu eta mina dagoenean isiltasuna onartu
- Bakardadea ulertu: Bakardadea-zahartzaroa binomioa hautsi, gazteei ere eragiten baitio
- Pausu bat eman: Bakarrik dagoenari planak eskaini edota guk geuk laguntza eskatu
- Herriko bizitzan parte hartu: Elkarteetan aktibo izan eta etorri berriei ongietorria eman
Agerraldia amaitzeko, udal-ordezkariek gogoetarako galdera bat luzatu diete herritarrei: “Bakardadearen korapiloa askatzeko, zein pieza jarriko duzu zuk?”.
“Orain arte egindako lanketek erakutsi digute bakardadea saihestezina dela. Baina prebenitu eta arindu daitekeela, baldin eta”:
“Komunitatea mobilizatzen bada, topaguneak sortzen badira, une zailak igarotzen dituztenei laguntzen bazaie, eta pertsonen autonomia eta ongizate emozionala zaintzen badira”. “Bakardadea gai kolektiboa da, beraz, erantzuna ere bai”.




