Babes ofizialeko 51 etxebizitzarako izena eman ahalko da etzitik (martxoaren 22tik)

0
1621

Izan ere, Zerrajerako 51 etxebizitza berri alokatu ahalko dira. Horretarako, Etxebizitza Sailak esleitzeko prozedura hasi du. Bestalde, salmentarako babes ofizialeko 63 etxebizitzaren izen-ematea aurrerago irekiko du.

Argazkia: MB artxiboa.

Zerrajerako etxe berriak egiten bukatzen ari da Visesa, eta gaur (martxoak 20) Etxebizitza Sailak argitara eman du bertako 51 etxebizitzaren esleipena hasteko agindua.

Alokabide sozietate publikoak kudeatuko dituen 51 etxebizitza horietatik “33k bi logela dituzte (hiru etxebizitza mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude) eta 18k hiru logela”.

Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak azaldu duenez, “eraikinean 7,85 milioi euroko inbertsioa egin da”. Adi, interesa duten herritarrentzat “prozeduran izena emateko epea martxoaren 23tik apirilaren 3ra artekoa izango da, eta interesa dutenek baldintza hauek bete behar dituzte”:

  • Etxebideren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko etxebizitza-eskatzaile gisa alta emanda egotea Arrasaten edo Debagoieneko eremu funtzionaleko udalerrietako batean.
  • Eskabidearen titularretako bat behintzat Arrasaten erroldatuta egotea esleipenei hasiera emateko agindua argitaratzen denean.
  • Jabetzan, azalera-eskubidean edo gozamenean etxebizitzarik ez izatea aurreko bi urteetan.
  • Bizikidetza-unitatea sei kidek baino gutxiagok osatzea.
  • 2021eko errenta-aitorpenean diru-sarrera haztatuak 9.000 euro eta 39.000 euro artekoak izatea (“gutxieneko diru-sarreren baldintza ez da kontuan hartuko mugikortasun murriztua duten pertsonen, desgaitasun psikikoa dutenen eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen edo etxebizitza izateko eskubide subjektiboa onartuta dutenen kasuan”).

Bestalde, salmentarako etxebizitzei dagokienez, Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Arrasaten “salmentako 63 BOE sortu ditu, eta une hauetan alokatzeko beste 70 eraikitzen ari da eremu berean (horiek esleitzeko prozedura aurreratuta dago, onartuen behin-behineko zerrenda osatuta baitago)”.

Zerrajerako babes ofizialeko 51 etxebizitzak esleitzeko prozedurari buruzko informazio zabalagoa hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen