Arrasateko Neska* Gaztiak eta Ikamak autodefentsa feminista aldarrikatu dute

0
608

Gaur Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dugu, eta hainbat ikaslek bilkura egin dute Herriko plazan. Ekitaldiak ondorengo komunikatua plazaratu du:

Azken urteetan agendetan letra larriz idatzita agertzen zaigun eguna iritsi zaigu, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna. Azken aste honetan morez jantzi dira udaletxeetako balkoiak, ikastetxeetako pasabideak, programa bereziz telebistako saioak, hitz politez eta egin beharreko lanez politikarien ahoak… Baina neska* ikasleontzat ez da lan batere erraza izan honaino iristea.

Ikastetxeetan, gizon cisek diseinatutako hezkuntza eredu batean norma horietatik at bizi garenon aurkako indarkeria nonahi ikus daiteke. Hasi edukietan nagusi diren gizon cis boteretsuek gure gizartearen eraikuntzan egin dituzten ekarpenak ikasteko inposaketetatik, neska* ikasleoi betetzea exijitzen zaizkigun rolak birproduzitzeko martxan jartzen dituzten mekanismo guztietaraino.

Honen aurrean ezinbestekoa da neska* ikasleon arteko sareak artikulatu eta antolakuntzaren aldeko apustu irmo bat egitea. Zaintzarako guneak bikote harremanetara pribatizatzen dituzten bitartean, gure arteko elkartasuna gutxiesten den bitartean eta indibidualizatu nahi gaituzten honetan, guk argi esaten dugu: ez gaituzue geldituko! Autodefentsa feminista armatzat, elkar babestu gaitezen.

Dei egiten dugu ikastetxeetan antolatu diren ekimenetan parte hartu eta herrietan Mugimendu Feministak egin dituen deialdietara bertaratzera. Kaleak eta ikastetxeak aldarriz bete ditzagun, eta argi entzun dezatela: beldurra aldez aldatuko dugu.

Neska* ikasleok autodefentsa feminista!

Gora borroka feminista!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen