Arrasatear ugari Gipuzkoako kostaldeko herrian edota Extremadurako herrian igaro ohi dute abuztua. Leku horietako egungo egoera jakin gura izan dugu. Horretarako, bi pertsonakin hitz egin dugu, Juan Maria Algabarekin adibidez.
Goiko argazkiak: Juan Maria Algaba, Turismo Euskadi.
Extremadurako Quintada de la Serena herria izan zen Arrasatek XX. mendean hartutako pertsona etorkinen jaioterri nagusiena.
Juan Maria Algabak adibidez 15 urtetan Arrasaten bizi eta lan egin zuen. La Industrial Mondragonesa enpresan eta langile-borrokan jardun zuen, besteak beste.
Egun Quintana de la Serenan bizi da, eta han ere aurtengo abuztua ezberdina izango da. Adibidez, Udalak ekainaren 12an iragarri zuen bezala, “ez direlako udal-igerilekuetako instalazioak irekiko” segurtasun-neurrietan oinarriturik.
“Oraingoz herrian ez da positiborik edota hildakorik izan – azaldu digu Juan Mariak – baina 30 kilometrora dagoen Don Benitoko Ospitalean pertsona batzuk ingresaturik daude koronabirusarekin. Baita Badajozen ere”.
Quintanan ere kezka eta beldurra daude: “Lehengo egunean ospitalera joan behar izan nintzen silikosiaren harira, nik harriarekin lan egin nuelako Quintanan nahiz Arrasaten, eta beldurrez joan nintzen erietxera. Kalean ere arriskua dago”.
Koronabirusa “loteria bat bezalakoa da, eta tokatzen zaionari (gaixotzen denari) asunto txarra… Beste hitzordu mediku batera ez nintzen joan, koronabirusaren krisialdia hasita zegoelako”.
Juan Mariak gogoratu duenez, “Euskadin oso ondo tratatu ninduten eta batzuetan bertara itzuli izan naiz. Oraindik han senideak eta lagunak ditut, Makatzena auzoan”.
Koronabirusak koronabirus, eta “aurtengo oporrak ezberdinak izango diren arren”, seguruenik arrasatear ugarik aurten ere Quintana de la Serenan egun edo aste batzuk igaro nahiko dituzte, ahal den neurrian gozatzeko asmoz.
Euskal Herrian ere ezohiko abuztua aurreikusten da. Horren adibide Zarautz izan daiteke, hondartza ederreko eta turismo handiko herria.
Hondartza erabiltzen jarraitu ahal da, baina aurten adibidez hondartzetako sarreretan egurrezko etxekoak jarri izan dituzte, eta bertako begiraleak hondartzan jendea ez pilatzeko jardun dute.
“Malekoiko eta barnealdeko tabernek aurrera egin izan dute – azaldu digu kostaldeko herrian oporrak igaro izan dituen arrasatear batek – baina erritmo mantsoagoarekin”.
Bitartean, bertako udaltzainek “kaletik musukoa eramaten ez zuten herritarren artean maskarak banatu izan dituzte”.
Uztaileko lehen asteburuan, turismoa nabarmen hazi da, eta ostalaritzan neurriak areagotu behar izan dira:
“Zapatu horretan Pilar plazako taberna batera joan ginen pintxo batzuk jatera, baina zerbitzariak erantzun zidan musukoa ez banuen jartzen, ez ninduela barran atendituko. Musukoa jarri nuen eta pintxoak atera zizkigun”.
Asteburu horretako zapatu gauean, enparantza berean, “jende gehiegi zegoen, iazko Sanferminen itxura zuen. Orokorrean, eta itxuraz behintzat, Zarautzeko tabernetan bezero dexente ikusten dira”.
Hondartzan ere jenderik ez da falta. “Asteburu horretako igandean, goizeko 10:00 aldera, hondartza lasai zegoen, jende gutxi zebilen, baina orduek aurrera egin ahala, jende asko bertaratu zen”.
Jende askoren uda honetako kezka nagusietako bat da “bidaian beste tokira joan ezkero, leku horretan konfinamendua agintzen bada, han konfinaturik geratzeko arriskua dagoela, etxera itzuli ezinda”.
Arrasatear honek aurreikusten duenez, “aurten Zarautzek euskal turistak erakartzen jarraituko du, eta baliteke Madriletik etorri ohi direnak ere etortzea, baina opor ezberdinak izango dira”.
Kazetariaren oharra: Atzo albistea argitaratzean Quintana de la Serenako beste Juan Maria Algaba baten argazkia jarri nuen nahi barik. Akatsa zuzendu dut, eta orain goiko argazkian ageri da elkarrizketatutako Juan Maria Algaba. Barka nahasmena.
Aurtengo oporrak ezberdinak izango dira maskararekin ibili beharko garelako, baina bestelakoan oporrak etxetik kanpoko lanik edo eskolarik ez daukagun denbora da, ez da beharrezkoa bidaiatzea edo beste leku batean bizitzea egoera hori, ahalik eta gehien disfrutatzea baizik. Orain dela 40 urte ingururarte egiten genuen bezala, neoliberalismo basati honek derrigorrez dirutza bat gastatu behar genuela buruan sartu zigun artean, ondoren argazki piloa ingurukoei erakusteko (gogoratu ere egiten ez ditugun tokietakoa sarritan). Beharbada horri ere buelta pare bat emateko aukera emango digu egoera honek.