Aurrera Bolie eguneko egitarau sozial, kultural eta politikoa aurkeztu da

0
2561

Antolatzaileek irailaren 20rako jolasgunea, bermut politikoa, bazkari herrikoia, Andoni Ollokiegiren kontzertua eta ‘Kaixo, Karis’ ikuskizuna iragarri dituzte. Baita gauerako Malko taldearen, Odei raperoaren eta 721 taldearen kontzertuak ere.

Aurkezpen jendetsua gaur arratsaldean egin da Biterin, ‘Txiki’ eta Otaegiren aurkako faxisten fusilaketen 50. urteurrena gogoan.

“Bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko”.

Agerraldia baliatu da ere beste bi deialdi egiteko: “irailaren 14ean Donostiako kaleak eta irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna betetzera”.

Irailaren 20an Aurrera Bolie Eguna ospatu egingo da, eta hemen duzue egitaraua bere osotasunean:

12:00etan ‘Ondo lotutakoak askatzera’ bermut politikoa Irati topalekuan. “Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik 50 urte beteko direnean, Sortuko Andoni Olariaga Azkarate eta Ernai gazte-antolakundeko Amaia Arbeo Sarriugarte elkarrizketatuko ditugu”.

“Efemerideari lotutako ikus-entzunezko bat oinarri hartuta, gaur egungo betaurrekoetatik orduko borroka eta balioen gaurkotzean eta korapiloak deslotzeko konpromisoan ardaztuko da elkarrizketa”.

12:00etan jolasgunea Biteri plazan.

14:30ean auzolanean prestatutako bazkari herrikoia Biteri plazan. “Menua: paella eta saiheskia txingarretan. Aukera begetarianoa eta beganoa ere egongo dira, elikadura oharrak tiketa erosteko momentuan aipatu behar dira. Tiketak jada salgai daude Irati tabernan, enplegadunek 17 € eta enplegu gabeek 12 €. Tiketak erosteko azken eguna: irailak 15, astelehena”.

Bazkaria alai girotzeko, ostean 16:30ean bazkaloste musikatua izango dugu Biteri plazan. Andoni Ollokiegi musikari pasaitarrak kontzertua eskainiko du. Etenik gabeko abesti jarioak dira Ollokiegiren kontzertuak, elkarrekin kantatzeko aukera ederra”.

19:00etan ‘Kaixo, Karis’ emanaldi literario-musikala Irati topalekuan. “Daniele Sarriugarte idazleak eta Miren Narbaiza ‘Mice’ musikariak ‘Kaixo, Karis’ izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute”.

Eta eguna amaitzeko 22:30ean kontzertuak Gaztetxean. “Malko talde oñatiarra lehen diskaren bira amaieran etorriko da, Odei raperoak bere bigarren lan luzea aurkeztuko digu eta 721 talde atxabaltarrak izango ditugu oholtza gainean. Gaztetxeko ateak 22:00etan zabalduko dira eta sarreren salmenta momentuan egingo da”.

Antolatzaileek baloratu dute “aurtengoan ere egitarau aberatsa antolatu dugula, Aurrera Bolie eguna guztiok gozatzeko moduko eguna izateko lanean arituko gara”.

Horregatik, Antolakuntzak ohartarazi du “ez dugula inolako eraso sexista, homofobo, transfobo edo arrazistarik onartuko. Dagokionari ardura hartzeko eskatzen diogu”.

Halaber, eskerrak eman dizkie “eguna arrakastaz garatu eta eskaintza kultural, sozial zein politikoa aurrera ateratzeko zuen ekarpena egingo duzuen militante, kulturgile, sukaldari zein hezitzaile guztiei, mila esker! Auzolanaren eta konpromisoaren eguna ere bada Aurrera Bolie eguna, bejon deizuela”.

Gonbidapena zabaldu diete “herrikide guztiei egitarauean jasotako ekitaldietan parte hartzeko”, “zatozte gustuko duzuen eskaintzara”. “Askatzera lotu garenon garaia da! Aurrera bolie!”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen